DEO-Oiolatik Deskonektatzearen aldeko Plataformako 20 kide Bruselara joango dira datorren urriaren 15ean, Oiolako urtegiaren lindano-HCH kutsaduraren auzian konponbideak exijitzera. Lindano-HCH lehentasunezko substantzia arriskutsu eta iraunkorretako bat da.
DEO plataformak adierazten du Oiolako urtegiak ez dituela ingurumen-zuzentarauak betetzen, adibidez, Ur Edangarriari buruzko Zuzentaraua, Urari buruzko Esparru Zuzentaraua edo 2009/90/CE Zuzentaraua. Zuzentarau horiek uren egoeraren azterketa teknikoak eta jarraipena ezartzen dituzte.
Plataformako kideek Ingurumen Batzordeko eta Eskarien Batzordeko parlamentarioekin elkartzea eskatu dute, bai eta Eskarien Batzordeko unitate-buru David Lowerekin ere, urtegiaren osasun- eta ingurumen-kalitatea bermatzeko eta arestian aipatutako araudiak aplikatzeko neurri zehatzak har ditzaten.
100.000 erabiltzaile kaltetu baino gehiago
DEO plataformako bozeramaile Javier Vázquezek baieztatu duen bezala, “Oiolako urtegiak lindano-HCHz kutsatuta jarraitzen du, eta 18 hilabete baino gehiago daramatza Barakaldoko eta Sestaoko udalerrietako 100.000 erabiltzaile urez hornitzen dituen sarera konektatuta”.
Azken aste hauetan urtegiaren emaria oso urria izan da, eta oso kezkagarria da hori plataformarentzat; izan ere, “uraren emaria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da kutsadura-parametroak aldatzeko arriskua”.
Auziarekin lotutako administrazio publikoen aurrean aurkeztutako salaketak
Oiolako urtegian eskumena duten administrazio publikoen informazio-falta dela-eta, salaketak aurkeztu zituen plataformak iragan den irailaren 30ean, hainbat administrazio publikoren aurrean. Horren haritik, Vázquezek adierazi duenez, URArekin eta Barakaldoko Udalarekin izandako hasierako kontaktu telefonikoan, “inork ez zekien urtegiaren egoera zein zen, eta inork ez zuen jakin edo ez zigun esan nahi izan urtegia horniketa-sarera konektatuta zegoen ala ez; hori dela-eta, bost salaketa ere aurkeztu genituen”.
Azkenik, DEO plataformaren ustez, urtegiaren egoeraren kontrol-eza jarrera arduragabea izan liteke instituzioen aldetik, areago, urtegia oso kontrolatuta dutela diotenean.
DEO plataforma 2008an sortu zuten Barakaldoko auzokideen elkarteek, talde ekologistek eta hainbat gizarte-elkartek.