Adrian Almazanek digitalizazioaren ondorio sozial eta ekologikoak aurkeztuko ditu Donostian

Adrian Almazanen hitzaldia “Digitalizazioaren ondorio sozialak eta ekologikoak” gaiari buruz urtarrilaren 29an Donostian.

Urtarrilaren 29an, astelehena, Adrian Almazan ikertzaileak “Digitalizazioaren ondorio sozialak eta ekologikoak” izenburuko hitzaldia emango du, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Okendo kultur etxean (Gros auzoa). Hori dela eta, hitzaldi honetara biltzeko deitzen dugu, jendartean gero eta kezka handiagoa sortzen ari den munduaren digitalizazio azkarraren aurrean eztabaida sustatzeko.

Adrian Almazan, unibertsitatean filosofia irakaslea eta fisikan lizentziatua da. Digitalizazioak eragindako ingurumen eta gizarte inpaktu larriez ohartarazten ari den Ecologistas en Acción erakundean, digitalizazioari, informazio eta komunikazio teknologiei, eremu elektromagnetikoei eta 5Gri buruzko lantaldearen koordinatzaileetako bat da. “Técnica y tecnología. Como conversar con un tecnófilo” (2021) liburua argitaratu du, eta “Contra la doctrina del shock digital” (2020) argitalpen kolektiboan parte hartu du besteak beste, non digitalizazio sozialeko proiektu baten ezarpena salatzen den, aldi berean ez-desiragarria, antidemokratikoa eta ekologikoki jasanezina dena. Era berean, dozenaka artikulu kaleratu ditu, kapitalismo digitalak gure gizarte hiperkontsumistaren kolapso ekosozialerako ibilbidea sakontzen duela azpimarratuz.

Industria teknologikoak azken urteotan digitalizazioa izugarri azkartu du, hezkuntzan jarduera digitala orokortuz, robotizazioa hedatuz, teknologia hauei lotutako arrisku psikosozialak nahiz osasun-arazoak biderkatuz, eta herritarren jarraipen orokorrerako datuen pilaketa eta konputazio sistemak erakundeen eta enpresa handien mesedetan garatuz. Ildo honetan, gizartearen digitalizazio osoa sustatzen duen IBM korporazio teknologiko estatubatuarrak Donostian instalatzeko asmoa duen superkonputagailu kuantikoari buruz arreta piztu nahi dugu bestalde. “Ez dakigu ordenagailu kuantikoek zer ekarriko diguten, baina Euskadik etorkizuneko erronketarako prest egon behar du”, adierazi zuen Urkullu lehendakariak Hezkuntza Sailaren aurrekontutik ordaindutako 50’8 milioiko gailu horren inguruan, eta Pedro Miguel Echenique ikertzaileak gehitu: “Teknologia berriak edozer izango dira, baina hor egongo gara”. Zaila da garapen teknologikoarekiko fede itsua agertzen duten adierazpen hutsalagoak eta inozoagoak egitea, edonolako hausnarketa eta eztabaida hutsean bihurtuz. IBM al da ordea behar duguna? Nora garamatza digitalizazioak?

  • Twitter
  • Facebook