Hitzaldia: Euskal moda? Edo Erdialdeko Amerikakoa, Txinakoa… Ehungintza han eta hemen

When:
2016-01-28 @ 19:00
2016-01-28T19:00:00+01:00
2016-01-28T19:30:00+01:00
Where:
Arizko Dorretxea
Basauri
Bizkaia
Espainia
Contact:
Sagarrak-Ekologistak Martxan
944 263 769

KONTSUMO ARDURATSUA BASAURIN: 2016KO KANPAINA

Hitzaldia:

Euskal moda? Edo Erdialdeko Amerikakoa, Txinakoa… 

Ehungintza han eta hemen

Urtean zehar zenbait jarduera burutu ohi ditugu Basaurin kanpaina honen barruan, ekoizpen eta kontsumo arduratsuari lotuta: truke azoka; bertako produktuen, produktu ekologikoen eta bidezko merkataritzako produktuen azoka; hitzaldiak; erakusketak… Horren guztiaren helburua da tokiko ekoizpen eta kontsumo-alternatibak ezagutzera ematea eta sustatzea, lurraldearekin oso lotuta baitaude.

Oraingo honetan ezagutuko dugu nola ekoizten diren erosten ditugun jantziak eta moda-osagarriak.

CARTEL Produccion textil 2016Zer ezkutatzen dute gure jantzien etiketak eta prezioak? Zer da marka handiek ezkutatzen digutena? Zeintzuk dira ehungintzan ari direnen lan-baldintzak? Zatoz hitzaldira, eta elkarrekin ezagutuko dugu ehungintzaren errealitatea, horrek zein harreman duen gure kontsumo ohiturekin, eta zein alternatiba dauden, norbanako ororentzako eta Planetarentzako baldintza duinetatik abiatuta.

Hitzaldian egongo dira Cecilia Campos eta Moly Sánchez, El Salvadorreko Mujeres Transformando (*1) elkartekoak; herrialde hartako «makiletan» (ehungintza fabriketan) aritu zireneko bizipenak kontatuko dizkigute. Alberto Oliveros (*2) ere izango da gure artean; Euskal Herriko Gregorio & Oliveros poltsa enpresaren ordezkaria da; tokiko ekoizle izateko apustua egin dute eta beren proiektuari buruz hitz egingo digu.

KONTSUMO ARDURATSUA SUSTATZEKO 2016KO KANPAINAren barruko hitzaldi hau Dorretxek eta Sagarrak-Ekologistak Martxan taldeek antolatzen dute, SETEMen laguntzarekin.

*1. Mujeres Transformando elkarte feminista bat da. 2003ko uztailaren 3an sortu zuten emakumeen eskubideen alde lan egiteko, bereziki makiletako emakume langileen eskubideen alde. Patriarkatua eta El Salvadorreko emakumeen gorputza eta bizitza bortxaz betetzen dituzten botere-harremanak suntsitzeko lan eginten dugu, klase-kontzientzia landuz eta genero-ikuspegitik.

Elkartearen helburua da emakumeak ahalduntzea, libreki eta osoki egikaritu ditzaten herritar gisa dagozkien eskubideak. Mujeres Transformando elkarteak zenbait ahalegin egin ditu, hala nola: sindikalgintzan emakumeak lider izateko proiektuak indartzea; makiletan lan egiten duten emakumeen lan-baldintzei buruzko ikerketak; emakumeek makilen barruan bizi dituzten gehiegikeriak salatzea, bai El Salvadorren bertan, bai nazioartean; Lan Kodea eta Zona Frankoen Kodea aldatzeko proposamenak; lan-eskubideei eta laneko osasunari buruzko eskuliburuak garatu eta argitaratzea; lan zuzenbideari, laneko osasunari, sendotze pertsonalari eta herritarren salaketei eta parte-hartzeari buruzko tailerrak.

*2. Gregorio & Oliveros. Poltsa eta gerrikoen marka bata da. Basaurin jaio zen, duela 25 urte baino gehiago, eta irizpide argi bati jarraitu diote hasiera-hasieratik: soiltasuna eta kalitatezko lehengaiak -betiere, modari uko egin gabe-. Enpresa arduratsu gisa jaio ziren. Maite dituzte beraien produktuak eta asko zaintzen dituzte xehetasunak, bai eta prozesuan parte hartzen duten pertsonak ere. Ez dute arau edo estandarretara egokitzeko beharrik izan, beraien produktuen baitan daukatelako kontzientzia.

Artisau-talde txikia osatzen dute. Poltsak eta gerrikoak egiten dituzte, eta ekoizpen-prozesu guztia beraien tailerrean egiten dute. Era berean, hurbileko hornitzaileak dituzte, sortze prozesua tailerrean bertan egiten dute eta eskuz ekoizten dute; ondorioz, izugarri murrizten dituzte ingurumenari eragindako kalteak eta CO2 aztarna. Aurrerantzean ere beren poltsa eta gerriko kuttunak egiten jarraitu nahi dute, luzaroan jarraitu ere.

  • Twitter
  • Facebook