Auzo- eta familia-elkarteek eta talde ekologistek zuhaitz eta zuhaixka kimuak babestu dituzte Camino de Capuchinos parkean

  • Belar-sastrakak garbitzearen aurrean zuhaitz-kimu txikiak babestearen garrantzia nabarmentzeko ekintza bat egin dute.
  • Uste dute aukera aprobetxatu behar dela gunea birnaturalizatzeko eta inguruko biodibertsitatea berreskuratzeko proiektu pilotu bat garatzeko.

Maiatzaren 3an, asteazkena, Deustuko Familien eta Auzokideen Elkarteetako, Arangoitiko Bihotzaraneko, Zubiarteko eta Deustuko Kanaleko kideek, Lurgaia, Bertoko basoak eta Ekologistak Martxan elkarteen laguntzarekin, ekintza bat egin dute Deustuko Kaputxinoen Bidea – Arangoiti parkean, zuhaitz-kimu txikiak aurkitu eta  hodi babesleekin babesteko. “Horrela, erraz identifikatuko dituzte udaleko lorezaintzako langileek, eta, honela, ez dituzte moztuko hurrengo mozketa batean. Hori eginda, parke hau birnaturalizatzen lagunduko dugu”, diote ekintzaileek.

Ekintza honen ideia nagusia da “gure hiriko azalera txikietan eta, zehazki, Kaputxinoen Bideko parke horretan dauden habitat naturalak edo erdinaturalak kontserbatu eta handitu behar direla”. Pandemiak iraun zuen bitartean, belar-sastrakak kendu ziren eta, horri esker, 2021eko maiatzean 130 basa-landare espezie baino gehiago zenbatu ziren, eta eremu hori lorategi botaniko txiki bat bihurtu zen. Landare horien presentzia erakargarria da intsektu polinizatzaileentzat, eta, aldi berean, txoriak erakartzen dituzte. Horrek inguruko biodibertsitatea nabarmen handitzea dakar.

Familien, bizilagunen eta ekologisten elkarteen asmoa da Arangoitiko parkean birnaturalizazio-proiektu pilotu bat egin ahal izatea. “Proiektu hori partizipatiboa izango litzateke, eta biodibertsitatearen garrantziari buruzko sentsibilizazio-tailer eta -programak barne hartuko lituzke”.

Hori lortzeko, “udalarekin hitz egin nahi dugu, eta, beraz, gune honetarako kudeaketa-proposamen bat aurkeztu dugu”, ideia hauetan laburbiltzen dena:

  1. Sasi-garbiketen kopurua murriztea
  2. Lehen segatua ekainaren amaiera arte atzeratzea (landareen ziklo naturala errespetatuz)
  3. Lurraren arrasean ez ebakitzea
  4. Malda handiko eremuetan ez moztea
  5. Zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen kimurik ez moztea
  6. Espezie inbaditzaileen aurka borrokatzea
  7. Ebakiduren ondoren garbiketa behar bezala mantentzea
  8. Drainen mantentze eraginkorra

Udalak emandako erantzuna “ez zaigu egokia iruditzen”, eta, horren aurrean, aipatutako elkarteetako kideek jarduera hau egitea erabaki dute, “zuhaixka eta zuhaitzen kimuak babesteko. Horrela, udalari dei bat egitea espero dugu, gure eskaerei erantzun diezaien”.

 

  • Twitter
  • Facebook