Ekoetxeak ‘Bilborako oinezkoentzako sarea’ proiektuaren aurkezpena hartuko du ostegun honetan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Fekoorrek (Gutxitasun Fisikoa edota Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Federazio Koordinatzailea) eta Ekologistak Martxanek ‘Bilboko oinezkoentzako sarea’ proiektua aurkeztuko dute ostegun honetan, urriaren 20an, 19:30etik aurrera, Ekoetxean.

Aurkezpenean bi hitzaldi izango dira: José Fran Cidek, mugikortasunean aditua den teknikaria, ‘Oinezkoen kaleen oraina eta etorkizuna’-ri buruz hitz egingo du, eta Ainhoa Abendañok, proiektua bultzatu duen plataformako kidea, ‘Oinezkoentzako sare bat Bilborentzat’ ekimenaren gakoak zehaztuko ditu.

Joan den uztailean, hiru elkarteek hedabideei aurkeztu zieten proposamena, eta, horren arabera, oinezkoentzako sei ibilbide jarriko dira martxan udalerriko sei gunetan: San Ignacio-Deustu-Abando, Rekalde-Indautxu, Otxarkoaga -Txurdinaga-Santutxu-Alde Zaharra, Abando, Basurtu-Zorrotza eta Uribarri-Castaños.

Ibilbideak hainbat sistema edo puntu intermodalen bidez konektatuta egon beharko dira beste garraio-sistema batzuekin, hala nola igogailuekin, metroarekin edo autobusekin, eta ekipamendu osagarri batzuk izan beharko dituzte, hala nola zuhaitzak, bankuak edo iturriak. Halaber, kolektiboek zehazten dutenaren arabera, ekimenarekin batera bide edo oinezkoentzako korridore horien araudi espezifiko bat ere aurkeztu beharko da, horien erabilerak mugatu ahal izateko.

Plataformak espazio propio bat eskatzen du hirian oinez mugitu ahal izateko, “modu seguru eta esklusiboan”. Beraientzako, oinezkoentzako politika bat babesteak abantaila anitzak ditu: “birbanaketa-politika bat bultzatzen du, ibiltzea merkea eta herritar guztientzako irisgarria baita, eta ez du inor diskriminatzen sozialki, egoiliar guztientzat irisgarria delako”.

Hemen duzu proiektua irakurtzeko esteka (erderaz).

 

 

 

 

  • Twitter
  • Facebook