Euskadik irail hasieran bizi izan duen beroaldiak, trafiko motorizatuak eta Bilboko metropoliko industriak ozono-mailen gorakada bortitza eragin dute Euskadiko mendebaldean. Egoera hori bereziki nabaria izan da airearen kalitatea neurtzeko ezarritako bi zonaldetan: Kantauriko Haranetan eta Barnealdeko Arroetan. Kaltetutako eskualdeak 6000 kilometro koadroko azalera hartzen du, eta espazio natural babestu ugari barne hartzen ditu; milioi bat biztanle baino gehiago bizi dira bertan.
Iragan den asteazken arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak mezu labur bat argitaratu zuen airearen kalitateari buruz duen webgunean, aipatutako eskualdeetan ozonoari buruzko informazio-atalasea gainditu izanaz ohartarazteko. Atalase hori 180 ozono-mikrogramokoa da, ordubetean neurtutako metro kubiko bat aireko. Hain zuzen ere, Zallako (Bizkaia) eta Valderejoko (Araba) kontrol-estazioetan 185 eta 188 mikrogramo antzeman ziren metro kubikoko, hurrenez hurren. Datuok oso aire-kalitate okerreko aste baten gailurraren adierazgarri izan dira.
Autonomia-erkidegoko agintariek, atalase hori gainditu dela jakiten dutenean, kutsadura atmosferikoaren eragina gehien jasaten dutenei ohartarazi behar diete, hau da, umeei, nagusiei, haurdun dauden emakumeei edo arnasketa-arazoak edo arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonei. Ohartarazpen horren bitartez, pertsona horiei jakinarazi behar zaie babestu egin behar direla, eta aire zabalean ahalegin fisikoak egitea ekidin behar dutela, eguerdian eta iluntzean. Era berean, agintariek kutsaduraren nondik norakoen berri eman behar dute: eboluzioa, eragindako zonaldeak eta egoera horren iraupena.
Alabaina, babesteko ohartarazpena ez zaie erasandako biztanleei jakinarazi, hau da, informazio hori jasoko dela bermatzeko moduko bideen bitartez, alegia, komunikabide publiko nahiz pribatuen bidez. Horren ordez, komunikatu arrunt eta labur bat baino ez da argitaratu Eusko Jaurlaritzako webgunean. Esan gabe doa kutsadura horren kalteak gehien jasaten dituzten lagun gehienek ez dutela informazio hori eskuratu, kutsadura hori jasan aurretik.
Gainera, irailaren 1etik aurrera, osasuna babesteko helburu legala hainbatetan gainditu egin da Valderejoko estazioan, beraz, airearen kalitatea txarra izatea ez da bat-batean gertatu. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak ez du kautelazko neurririk hartu, trafiko motorizatua edo Bilbo Handiko industria-jarduera murriztea, kasu, nagusiki horregatik gainditu baitira Euskadiko mendebaldean informazio-atalasearen ozono-mailak.
Ekologistak Martxanen iritziz, agerian geratzen da Euskadiko agintaritzak kutsadura atmosferikoaren aurkako borrokan duen interes urria. Haatik, kutsadura atmosferikoak ehunka heriotza eragiten ditu urtean Euskadin, bai eta kalte larriak ere basoetan eta laborantzan, Jaurlaritzaren erabateko pasibitatearen aurrean. Erakunde ekologistak Eusko Jaurlaritzaren zabarkeria salatu du uda honetan Europar Batasunaren aurrean. Izan ere, hamarkada bateko atzerapena darama Jaurlaritzak derrigorrezkoa den Airearen Kalitatea Hobetzeko Planaren prestakuntzan, ozonoaren kutsadura atmosferikoa murrizte aldera, Euskadiko hegoaldean behin eta berriz gertatzen den kutsadura-mota, hain zuzen ere.
Ozono troposferikoa ozono “txar” izenez ere ezagutzen da, estratosferako ozonoarekin alderatuta. Bigarren mailako elementu kutsagarria da, nitrogeno-dioxidoaren eta ibilgailuek eta industria batzuek isuritako hidrokarburoen arteko erreakzioz sortua, eguzkiaren erradiazioa dagoenean. Arnastuz gero, irritazioa eragiten du begietan eta arnas-bideetan, biriketako funtzioa murriztu egiten du, arnasketa-gaixotasun akutuen arriskua areagotu egiten du (asma, EPOC), eta patologia kardiobaskularrak larriagotzen ditu.
OMEren kalkuluen arabera, Espainiako Estatuan, urtean 1.800 heriotza goiztiar eragiten dira, egunotan Euskadin erregistratutako ozono-mailen antzekoak diren esposizioen ondorioz. Pertsonentzat ez ezik, landareentzat ere toxikoa da ozonoa, eta basoak kaltetzen ditu, bai eta laborantzaren produktibitatea murriztu ere.