AHTren aurkako protesta martxa Donostian. AHT=ZULO BELTZA

Mugitu! mugimenduak deituta, hamarnaka lagun bildu dira gaur Donostian AHTren proiektua zulo beltza dela salatzeko. Manifestariek bulebarretik abiatuta Eusko Jaurlaritzak Miramarreko jauregian egin duen ikasturteko lehen gobernu-kontseilura jo dute, “euskal Y-aren zulo beltz” beldurgarriari buruzko parodia bat eginez. Bidean, AHTren aurkako oihu eta kantek lagunduta, azpiegitura-lan handi hori aurrekontuak, natur-ondareak eta jendartearen premiak asetzeko ezinbestekoak diren baliabideak amaigabe irensten dituen zulo beltzik handiena bilakatu dela salatu dute. Miramarren irakurritako mezuan salatu denez, datorren urtean Eusko Jaurlaritzak “euskal Y”-aren obretan 600 milioi euro xahutu eta AHTren zulo beltza azken mugaraino handitu asmo du; hori gutxi balutz, lurraldean beste hainbat “zulo beltz” sortzeko asmoa du, besteak beste Lezo-Gaintxurizketako baserri lurretan plataforma logistikoa eta Donostiako hirian Metroa –Kontxako hondartzaren azpitik ere- eraikitzeko egitasmoak berehala inposatuz. Kontxako pasealekuan eta hondartzan zegoen jendetzak harriduraz hartu ditu protesta ekintza eta parodia.

Susmoak daude, gainera, oporraldi turistiko azeleratu baten itzuleran, Eusko Jaurlaritzak AHTren zulo beltza azken mugaraino handitzearekin batera (600M euro xahutuko dituzte 2016 urtean “euskal Y”-aren obretan), Lezo-Gaintxurizketan Plataforma Logistikoa eta Kontxaren azpitik Metroa eraikitzeko egitasmoak berehala inposatzea erabaki duela, horrelako “zulo beltz txikiagoak” masiboki sortuz lurraldean atzeraezineko katea-erreakzio bat eragiteko asmoz.
Jadanik, agintari politikoen eta sare enpresarial nahiz finantzarien arteko fusioak tenperatura izugarria hartu du, eta Jaurlaritzak proiektu horiekin daraman abiadura ikusita, bistakoa da herritarren arteko edonolako eztabaidari eta erabakietan partehartze publikoari ateak itxi nahi dizkiela. Horrenbestez, behar-beharrezkoa da denok berriro martxan jartzea eta azpigitura-lan handi horiek zalantzan jartzen dituzten herri-ekimenekin bat egitea. Einsteinek zioenez, arazoak ezin direlako konpondu beroriek sortu zituzten pentsamolde eta ariketa berdinekin tematuta, aldaketa sakon bati ekinez baizik. Eta horrek, Jaurlaritzaren kasuan, beti gehiago formula galgarriaren ordez, nahikotasun printzipioari begira jartzea derrigortzen du: alegia, AHT eta gisa bereko proiektu txikitzaileak gelditzea eta oinarrizko beharrizan sozialei –pobreziaren eta desberdinkeria sozialen aurkako borrokari, kasu– lehentasuna ematea. Nahikoa da AHTren zulo beltzarekin

Mugitu! Mugimendua (Tlfnoa 654 480 589)

http://mugitu.blogspot.com.es/

  • Twitter
  • Facebook