AHT GELDITU ORAIN! Xahuketa gehiago ez! Herritarrok erabaki!

8 urte igaro dira Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko lanak hasi zirenetik. Ordutik hona mito bat erortzen ikusi dugu. Urte hauetan zehar agerian gelditu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo onurarik gizartearentzako. Porrot egin du proiektu honek, milioiak xahutzen dituena eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakarrena, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan.

Proiektu hau inposatu nahian ari direnek ez digute esaten zenbat diru gastatu duten orain arte eta ez dakite zenbat gehiago beharko den aurrerantzean, ezta noiz amaituko dituzten lanak ere. Gero eta zalantza gehiago Euskal Herrian sekula eginiko inbertsio handienaren gainean, bultzatzaile burugogorrei errealitatea ikusten uzten ez diena: Paris eta Madrilekin loturarik ez dauka eta, gainera, Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean aurrikusitako denborak gero eta handiagoak dira, autoen edo autobusen ia parean egoteraino. Maila bereko zentzugabekeria ikusi dezakegu Nafarroan, inondik inora ez doan AHTa eraikitzen ari baitira, Aragoirekin eta EAErekin loturarik ez duena.

Estrategikotzat saldu nahi izan diguten proiektu honi errealitatea gailendu zaio. Eraikuntza lanek ekarri behar omen zuen bultzada ekonomiko handia ez du inork ere ikusi, hango eta hemengo alderdi politikoetako lagun minak diren eraikuntza enpresario handiek izan ezik, CDOhJ2wXIAEeMpDpoltsikoak ondo bete dituztenak, gero eta maizago azaleratzen diren ustelkeria kasuak lekuko. Prekarietatea eta lan istripuak AHTko lanetan ari diren langileen eguneroko ogia dira, beraietako gehienak azpikontraten eskuetan harrapatuta, lan eta segurtasun baldintza negargarrietan, honez gero 7 hildako eragin dituztenak.
Diru-xahuketa honen erantzuleek, EAJ-PNV, UPN-PP eta PSE-PSN-PSOE, ez daukate inongo arazorik urtero aurrekontuen zati handi bat obra honetara bideratzeko. Badakite diru hori maileguan eskatu behar dela eta gero eta zor handiagoa pilatzen dutela eskuetan dituzten gobernuen gainean. Aldi berean, gainera, esaten digute ez dagoela dirurik gizarte zerbitzuetarako eta kultura edo ekonomiako bestelako arloetarako.

Politika honek oso ondorio larriak dakartza eta are larriagoak izango dira ez badugu erokeria hau geldiarazten: zenbat eta gehiago itxaron proiektu hau geldiarazteko, ezbehar ekologikoa are handiagoa izango da eta galera ekonomikoak eta ondorio sozialak are sakonagoak. Ondorio guzti horiek gure seme-alabek ere ordainduko dituzte, AHT erabiltzeko aukerarik izan gabe gainera. Izan ere, mantenu gastuak ordaindu ahal izateko txartelei jarri beharko zaizkien prezioak oso gutxik ordaindu ahal izango dituzte. Hor daukagu, adibide gisa, Bartzelona eta Paris lotzen dituen AVEa, kiebran dagoena aurrikusitako bidaiari kopurura hurbildu ere ez delako egiten.

Egoera hau ikusita, adierazpen hau sinatzen dugun herritar eta elkarteek ondorengoa exigitzen dugu:
1.- Berehala AHTko lanak geldiarazi ditzatela.
2.- Proiektu arranditsu honi bideratzen zaizkion diru-partidak erabili daitezela une honetan jendarteak dituen benetazko premiei: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak… euro bat gehiago ere ez AHTrako!
3.- Ireki dadila eztabaida tekniko, sozial eta politikoa azpiegitura honen inguruan, herritarren partehartze, informazio eta erabakitze prozesu batekin batera, guztion artean erabaki dezagun zer egin proiektu honekin.

DEIALDIAK ETA EKINTZA NAGUSIAK:
-AHT Gelditu Orain! manifestua: AHTren salaketa eta geldiarazpena aldarrikatzen duen manifestuarekiko era guztietako talde era elkarteen atxikimenduak bilduko dira. Halaber, manifestuari ahalik eta hedapen zabalena emango diogu, esku-orri baten banaketa masiboa egingo delarik  herrietan, ikastetxeetan, azoketan, geltokietan… Hortarako informazio asteak egingo dira maiatzaren 4etik 10era eta 25etik 30ra bitarte.
-Mahainguruak eta hitzaldi eztabaidak: Halaber, mahainguruak eta hitzaldi-eztabaidak antolatuko dira era deszentralizatuan.
-Maiatzak 30 larunbata: Mendi martxa eta ekitaldia Atxondon (Bizkaia), Euskal Herri mailan deituta:
Mendi martxa goizeko 10etan; ondoren, herri bazkaria, eta arratsaldeko 5etan ekitaldia.
-Ekainak 13: manifestazio nazionala Donostian:
Arratsaldeko 5’30etan Alderdi Ederretik abiatuta

MANIFESTUARI ATXIKIMENDU BILKETA.  Sostenguak honako helbidera bidaltzea eskatzen da:  ahttavgeldituorain@gmail.com

DEITZAILEAK: AHT Gelditu! Elkarlana, Mugitu! Mugimendua, Fracking EZ, Ekologistak Martxan, Eguzki, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, CNT, Euskadiko CGT/LKN, HIRU, Berriotxoak, Duintasuna, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Gazte Abertzaleak, Komite Internazionalistak, Askapena, EHE, KEM-MOC, Sare Anti-Faxista, EH Sozialista, Ruti-Distri, ATTAC, Mutriku Natur Taldea, ETA GEHIAGO…

  • Twitter
  • Facebook