Manifestazioa (Iruñea) Landa eremuaren defentsan

BAZTANGO ERDIZ BIZIRIK! PLATAFORMAK MANIFESTAZIOA DEITU DU APIRILAREN 22AN IRUÑEAN:  

Apirilak 22 larunbatean, Baztango ERDIZ BIZIRIK! plataformak manifestazioa deitu du Iruñean, Erdizko mendi-lurretan (Aldude-Kintoako mendialdean) Magnesitas de Navarra enpresak harrobi-meategi berria zabaltzeko duen egitasmoarekiko oposizioa adierazteko eta bertan behera utzi dadin eskatzeko. Mobilizazio hori arratsaldeko 17.00etan Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da, “LANDA EREMUAREN DEFENTSAN: LURRAREN OSASUNA, GURE ETORKIZUNA” lelopean.

Erdiz Bizirik! taldeak azken asteetan solasaldiak egin ditu Euskal Herri osoan barrena, MAGNAren meategi proiektuak Erdizko bazkalekuko mendien natur-ondare bikainean eta Baztango abeltzaintza garrantzitsuan eragingo lituzkeen kalte larriak salatzeko.
Hori dela eta, Euskal Herriko nahiz atzerriko talde eta norbanako guztiak apirilaren 22ko manifestaziora biltzeko eta deialdia zabaltzen laguntzeko deitu dute.

  • Twitter
  • Facebook