Ur Patzuergoak Bilboko itsasadarrera isurtzen ditu hondakin-urak


Erandioko Auzokideok eta Getxoko Auzokideok auzo-taldeek eta Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarte ekologistek salatzen dugu Bilboko Ur Partzuergoak bere instalazioetatik ur beltzak eta hondakin-urak Bilboko itsasadarrera isurtzen dituela, justifikaziorik gabe.

Azken urteotan ohikoak bihurtu dira isurketa horiek, osasun publikoan eta ingurumenean izugarrizko eragina izan arren. Hilero (ekainean, uztailean eta abuztuan), bainu-sasoian, milaka metro kubiko hondakin-ur isuri ditu Galindoko Araztegiak Bilboko itsasadarrera. Eta hori guztia, euriteen ondorioz garraio-sareak izan lukeen asetasunik gertatu ez denean.

Era berean, Ur Partzuergoak Lamiakon duen ponpaketa-geltokitik astero isurtzen ditu ur beltzak zuzen-zuzenean itsasadarrera.

Egoera larria eta onartezina dela uste dugu. Hortaz, Administrazioari, hau da, Ur Partzuergoari zein URAri (Uraren Euskal Agentziari), isurketen inguruko azalpenak eman ditzatela eskatzen dizkiegu: arrazoiak, ondorioak eta, jakina, egoera horri lehenbailehen amaiera emateko ezarriko dituzten neurriak.

  • Twitter
  • Facebook