Inork ezin zezakeen imagina, norbaiti otuko zitzaionik 11 super-aerosorgailu ipintzea, 200 metroko altuera (Artzai Onaren dorrearen hirukoitza) eta palen artean 155 metroko distantziara, hain justu hegaztien migrazio-bide garrantzitsuan, Natura 2000 Sarearen barruko hiru zonaldeen artean dauden mendien gailurretan. Baina ez hori bakarrik, haize-sorgailuek baserriei itzala emango liekete, oraindik ere laborantzan diarduten atlantiar landa-eremu horietan. Gainera, historiaurreko aztarnak ere badira eta mendizale ugari, piloa, naturaren maitale direnak, eszenategi horretantxe bertan.
Proiektu zoro horrentzat baina eskaera bat badago jada, NORDEX eta ACCIONA enpresek aurkeztua. Sektoreko egiazko erraldoiak dira, CO2-aren bandera goratzen dutenak gizateriaren onurarako. Auzoberriko parke eolikoak ( 49,5MWko potentzia, 4,5 MW aparailu bakoitzak, El Perdón-ekoak baino 10 aldiz indartsuagoak), lursail publikoak erabiliaz lorturiko probetxuari esker eta tentsio altuko kable elektrikoa gertutik pasatzen delako, instalakuntza gastuak murriztuko lituzke. Honek azaltzen du guztia, gainontzekoak ez dio axola. Nahiz eta kamioiak -pieza luze horiekin- bertara iristeko, 15 kilometrodun mendiko-pista bat zabaldu behar izan, nahiz eta energia-bihurtzeko zentru bat egin behar eta futbol zelai bat adinako hormigoi kopurua erabili behar plataformak eraikitzeko.
Enpresa hauek ez dute arazorik ikusten. Kokalekua, berreskuratu litekeen -urbanizagaitza den baliogabeko- “eremu hutsala” da diotenez ( sic ), paisaian ez da inpaktu garrantzitsurik sortzen eta bertako herrien ekonomia hobetzen du (nola, ez da esaten). Baina bertatik oso gertu daude Natura 2000 Sarearen barruko hainbat eremu (Aiako Harria esaterako, Parke Naturala eta Kontserbaziorako Espazio Berezia izendatua) eta horrek esan nahi du parke eolikoak gune hauei eragingo liekeena nahitaez ebaluatu behar dela. Gainera Kontserbaziorako Zonalde Berezi hauetan, EAE-ko komunitatearen interesezkoak diren hegazti nekrofagoak bizi direnez, bereiziki haize-sorgailu eta energiaren ebakuaziorako eraikuntzen kontra talka egin ez dezaten, zentral eolikoen instalakuntzak saiestea aipatzen da eta zehazkiago, Ugatz eta Sai zurien kasuan, gune kritikoak (Larrun-Txoldokogaña eta Artikutza) 10 Km-ko erradio batean babestea.
Paisaian eragingo lukeen suntsiketa agerikoa da, tamaina horretako haize-sorgailuak mendigoietan jarrita, oso urrutitik, kilometro askotatik bistaratuko lirateke. Agiñako gaina, bere tontorrean bertan ipinitako haize-sorgailuarekin ( Aiako harriaren altuerara helduko litzateke, altzairuzko 200 metro gehituta), San Antongo uretan islaturikoa da nonbait oraingo paisai proposamen berria. Aiako Harritik ikusten den paisaia ez litzateke sekula berdina izango. Hegazti harrapakariak, putreak eta sai-zuziak esaterako, uso migratzaileak, xagu-zaharrak -desagertzeko arriskuan-, beste lurralde batzuk bilatu beharrean leudeke edo eta haize errota txikitzaileak saiestu beharrean, egun euren bizi-bidea den horretan. Endara ibarreko bailara, Kopako Harria mendia eta interes orokorreko habitat-zonaldeak, pasabide ekologiko garrantzitsuak direla azaldu izan dute maiz sektore-kontserbazionistek eta egiazko bisagra lana egiten dutela Natura 2000 zonaldeen artean, 15.000 hektareako eremuan. Berau, espazio natural gisa mantendu, zaindu eta hobetzeko bokazioa dute, Europako sare ekologikoaren parte izan dadin.
Eta guzti hau parke eolikoaren interes energetikoa bera justifikatu gabe dagoenean. Aurkeztutako txostenak ez du daturik ematen ( ez dira haize-neurketak burutu) eta lekua ez da agertzen Nafarroako energia eolikoaren garapenerako planean, lehentasunezko gaien artean. Ezinezkoak diren lekuetan parkeak eraikitzeko broma txar bat al da hau? Edo burbuila energetikoaren pelotazo espekulatzaile bat, eraiki ostean hirugarrengo bati saltzeko? Energia berriztagarria? Bai, baina ez edozein preziotan! Eta batez ere gutxitu dezagun kontsumoa. Errespeta dezagun daukagun ondare naturala eta geldi dezagun gure mendientzako eraso berri hau!