Erakunde sozialek eta ekologistek herritarren justizia klimatikoaren defentsaren inguruko kezkak helarazi dizkiete europarrei

  • Greenpeacek, Intermon Oxfamek, Fridays For Futurek, Ekologistak Martxan-ek eta Amnistía Internacionalek gutun bat bidali diete europarlamentariei, ekainaren 1ean jasotako kezka eta proposamenekin
  • Europarlamentariei bidalitako gutunaren helburua “inor atzean utziko ez duen trantsizio justu eta solidariorantz” joatea da

Nazioartean koordinatutako jardunaldi batean, ekainaren 1ean hainbat ekintza egin ziren Europako 10 herrialdetan baino gehiagotan eta Espainiako Estatuko hainbat udalerritan. Ekintza horietako batean, Euskadin lan egiten duten hainbat erakundek, hala nola Greenpeace, Intermon Oxfam, Fridays For Future, Ekologistak Martxan eta Amnesty International erakundeek, besteak beste Klimaren Aldeko Aliantza osatzen dutenek, kalera atera ziren herritarrei galdetzera zeintzuk diren beren proposamenak eta kezkak, justizia klimatikoaren defentsaren inguruan. Erakundeen ustez, “hasi berri den Europako zikloak eraldaketa sozialak, ekonomikoak eta politikoak bizkortu behar ditu, ekosistema osasuntsuak, elikadura-sistema jasangarri eta osasungarriak, elikadura-subiranotasuna eta subiranotasun energetikoa, hiri bizigarriak eta kalitatezko zerbitzu publikoak lehenbailehen lortzeko, inor atzean utzi gabe“.

Bizkaiko hiriburuko topaketan herritarren esku jarri zen hautestontzi bat, Europako agintariei zuzendutako nahiak, erreklamazioak edo kexak sartzeko aukera ematen zuena. Ekintza honen helburua da herritarrek krisi ekosozialaren inguruan dituzten kezkak eta lehentasunak kontuan hartzea eta Europako politiketan sartzea. Antolatzaileen arabera, “euskal herritarrek argi dute gure planetaren etorkizuna ez dela ekintza indibidualean oinarritzen, nahiz eta ekintza hori garrantzitsua izan, baizik eta ekonomia deskarbonizatzean“. Ildo horretan, gogorarazten dute “Europar Batasuna behartuta dagoela erregai fosilen emisioak pixkanaka murriztera eta uztera; hori ez egiteak gure giza eskubide oinarrizkoenak urratzen ditu, baina prozesu horrek ezin ditu orain arte ezagutzen genituen eredu ekonomiko berak jarraitu, formula bidezkoagoak eta solidarioagoak bilatu behar ditugu“.

Ekainaren 1ean jasotako proposamenak, batez ere, hondakinen kudeaketan, klima-politiketan, objektu eta produktuen bizitza erabilgarrian, kontsumo arduratsuan eta slowfashion izenekoan oinarritzen dira (moda jasangarria eta moda azkarraren kontrakoa deskribatzen duen kontzeptu bat, pertsonak, ingurumena eta animaliak errespetatuz janzkiak fabrikatzearen aldeko “mugimendu geldoaren” zati bat). Funtsezko ardatzak dira, halaber, sentsibilizazioa eta prestakuntza, eta garraio publikoaren aldeko apustua. Plastikoa erabilera bakarretik kentzea eta ontziak murriztea herritarren artean behin eta berriz agertzen den lehentasuna da, baita berdegune gehiago bultzatu eta ozeano garbiak bermatu beharra ere. Energiarekin lotutako gaiei dagokienez, herritarrek argi dute gero eta beharrezkoagoa dela erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea, energia-kontsumoa minimizatu eta C02 eta berotegi-efektuko gasak murriztuko dituzten politikekin. Hori guztia, enpresak eta industriak kontrolatuz, haien jarduera ingurumenerako kaltegarria izan ez dadin. Lehen sektoreari eta elikadurari dagokienez, tokiko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alde egin behar da.

Jasotako proposamen horiekin guztiekin, Greenpeace, Intermon Oxfam, Fridays For Future, Ekologistak Martxan eta Amnistia Internazionalak gutun bat idatzi diete Euskadi Europako Ganberan ordezkatzen duten europarlamentariei, eta dei egiten diete Europako politiketan klima-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketei berehala ekin diezaieten eta bilera bat egin dezaten, aipatutako helburua lortzeko proposamenak helarazteko, “inor atzean utziko ez duen trantsizio justu eta solidarioa” lortze aldera.

  • Twitter
  • Facebook