Zaldibarko zabortegia egonkortzeko lanak berandu datoz eta ez dira nahikoa

  • Arantxa Tapiak dio Eusko Jaurlaritzak modu subsidiarioan eta berehala jardungo duela Verter Recyclingek ez dituelako dagozkion lanak burutu.
  • Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxanek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialek Kartak ekainean salatu zuten zabortegia berriro erortzeko arriskuan zegoela eta premiazko neurriak eskatu zituzten.

Urriaren 3an, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak “modu subsidiarioan” hartuko dituela bere gain Zaldibarko zabortegiko lurraren ezegonkortasunari aurre egiteko lanak. Sailburuak gaineratu du “lehenbailehen” jardungo dutela, zabortegiaren egonkortasunari buruzko azken azterlanaren emaitzak ikusita.

Hala ere, sailburuak emandako azalpenek ez dituzte ekainean zabortegia erortzeko arriskuan zegoela salatzen zuten kolektiboen eskakizunak betetzen. “Berehalako aktuazioa hondakin masa mugitzen ari zela adierazten zuen txosteneko lehen datuak ezagutu zirenean hastea zatekeen”. Berandu izan arren, azkenean lanean hasteaz pozten badira ere, egonkortze- lanei lehenbailehen ekitea ezinbestekoa dela uste dute; izan ere, “egungo baldintza lehorrak edozein unetan alda daitezke, eta hondakin-masaren mugitzea erraztuko duen ur-kantitate handia iragazi”.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 750.000 euroko kostua izango duten lan hauek ez dira “behin betiko zigilatzea, baina bai instalazioaren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatuko duen behin behineko irtenbide alternatiboa”. Aipatu txostenak plastiko bat berehala jartzea gomendatzen zuen, ur gehiago ez iragazteko eta egonkortze-lanei lehenbailehen ekiteko. Iragarritako kostua kontuan hartuta, “badirudi egingo duten lana plastikoa jartzea izango dela eta kito”.

Gogorarazi nahi dugu, bestalde, abenduan amaitzen dela ingurumen-delituagatiko auziaren instrukzioaren luzapena. “Zaila da ulertzea nola luza dezaketen horrela instrukzioa. Premiazkoa iruditzen zaigu hura amaitzea, Eitzagako zabortegian gertatu zena ezagutzeko bidean epaiketa honek daukan ekarpena jakiteko eta gertatu behar ez zen eta ekidin zitekeen amiltze horren erantzukizunak argitzeko” Zaldibar Argitu plataformatik komentatu dute.

  • Twitter
  • Facebook