Lurraren defentsan 5000 lagun manifestatu dira Gasteizen

LURRAREN DEFENTSAN, EUSKAL HERRIA BIZIRIK!

Euskal Herri osotik etorritako 5000 lagun manifestatu ziren maiatzaren 20n Gasteizen, landa-eremuari eta naturguneei erasotzen dieten makroproiektuak arbuiatzeko eta geldi daitezen exijitzeko. Araba, Ipar Euskal Herria, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako kide banak eraman dute “LURRAREN DEFENTSAN, EUSKAL HERRIA BIZIRIK!” zioen buruko pankarta, eta Arabako lautadako nekazariek beren traktorerekin ireki diote bidea mobilizazioari, jarraian zenbait irudi adierazgarriak (elefante txuria, aerosorgailuak, heriotza, Tapia Andrea eta IBERDROLAko ordezkariak dirua banatzen jendartearen borondatea erosteko asmoz). Segidan, pankarta ugari tartekatu dira, hain zuzen ere hainbat herritan proiektu erasokorrak gelditzeko egiten ari diren borrokei eta aldarrikapenei ikusgarritasuna emanez. Manifestariek lurraren defentsan etengabe egin dituzte aldarrikapen oihu eta kantak. Aipagarria da azken urte eta hilabetean gure mendiak eta landa-eremuak zentral eolikoz eta fotovoltaikoz josi nahi dituzten makroproiektuen aurkako aldarriak izan direla gehien entzun direnak, “MENDIETAN EZ!” dioten banderola ugari ere eraman dituelarik jendeak. Halaber, “AMALURRA DEFENDA DEZAGUN”, “LURRAREN OSASUNA, DENON ETORKIZUNA”, “LANDA-EREMUAK BIZIRIK”, “TAPIA LEGEA, INPOSAKETA DA”, “EL VERDE DE IBERDROLA NO NOS MOLA”, “ZUEN NEGOZIOA, GURE KOLAPSOA”, “BANKU MUNDIALA ALIANTZA KRIMINALA” eta “ESE PTS VA CONTRA LA GENTE” bezalako oihuak egin dira. Azken aldarri horiekin, hain zuzen, Jaurlaritzak berriki onartu duen “Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala”rekiko errefusapena adierazi du jendeak, baita datorren astean Barakaldoko BEC-ean klima larrialdiaren aitzakiaz baliatuz elite ekonomikoek sustazen dituzten negozio berriak bultzatzen jarraitzeko elkartuko den Munduko Bankuaren konferentzia salatu ere. Manifestazioan hainbat talde eta erakunde sozialek pankarta desberdinak eraman dituzte bestalde, mobilizazioak jaso duen sostengu zabalaren adierazle.

Manifestazioaren ibilbidearen erdian, komunikabideei adierazpenak egin dizkiete mobilizaziora bildu diren Ipar Euskal Herriko OSTIA sareak (Ellande Alfaro), Nafarroako NEE-TEN (Nafarroako Energia Eraldatzen) koordinadorak (Nuria Madotz) eta Bizkaiako Interkonexio Elektrikoari Ez taldeko (Alvaro Campos). “Lurra merkantzia bilakatzearen kontrako borroka funtsezkoa da, bizia bera baita jokoan”, azpimarratu du Iparraldeko OSTIA sareko kideak (Adierazpen guztiak idatziz atxikita doaz).

Manifestazioaren amaiera ekitaldian jendez eta aldarrikapenez bete da Foru Plaza. Hor, Josebe Blancok –Antzuolako baserritarra– eta Labrazako alkateak, Begoña Martinez de Olkoz, irakurri dute manifestazioaren adierazpena; haiekin batera, Laponian Statkraft enpresaren makroproiektu eoliko baten aurka borrokan ari den Sami herri indigenaren Kontseiluko kide Eva Fjellheimek hartu du hitza. Salatu dutenez, azken aldian mega-proiektu-uholde izugarria bizitzen ari gara, eremu naturalak industrializatu eta pribatizatzen dituztenak eta landa-eremuak suntsitzen dituztenak, ematen diguten bizitzari eusteko funtzioak funtsean aldatuz. Bestalde, administrazioek enpresa handien interesei lehentasuna ematen dietela salatu dute, eta parlamentuetatik mega-proiektu horien garapena errazteko legeak onartzen direla, hala nola Tapia legea eta Nafarroako homologoa, zeinek lurralde horietako udalen eta kontzejuen erabaki-ahalmena baliogabetzen duten. Energiaren eta klima aldaketaren auziari buruz, “merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora bultzatzen gaituela” ohartarazi dute, gaineratuz “trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa bezalako terminoek beren esanahia galtzen dutela, gaur egungo krisi ekosoziala eragin duten bereberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean. Erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak” (Manifestazioaren amaiera mezua atxikita bidaltzen dugu).

Eva Fjellheimek gaur egungo trantsizio energetiko deiturikoa orain arte bere herriak pairatu duen desjabetzearen jarraipena baino ez dela eta Neokolonialismo Berde salatu du. Bereziki azpimarratu du STATKRAFT enpresak  Sami komunitatearen eremuetan eraikitako zentral eoliko erraldoi batek beraien bizimodua, kultura eta giza eskubideak urratzen dituela epaitu duela Norvegiako Auzitegi Gorenak.

Horregatik, herriz herri lurraldearen defentsan makroproiektuak geldiarazteko egiten ari diren borrokak segitzeko eta elkarren artean sostengatzeko dei egin dute.

 

  • Twitter
  • Facebook