Kolektibo ekologistek, sozialek eta sindikalek kaleak hartzeko deia egin dute Munduko Bankuaren aurka

“ZUEN NEGOZIOA, GURE KOLAPSOA”

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragileek agerraldia egin dute gaur, BECen aurrean prentsaurrekoa emateko. Bertan, maiatzaren 23an, 24an eta 25ean Barakaldon egingo den Munduko Bankuaren (MB) gailurraren aurkako borroka sozialaren dinamika aurkeztu dute.

Bertaratutako erakundeek adierazi dute MB-aren topaketa horrek berdez estali nahi duela erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena, honek bere sorreratik finantzatu izan baitu hainbat herrialdeen espolioa.

Horregatik guztiagatik, salatu dute Innovate4Climate izeneko gailur hau energia-lobby-en estrategiaren barruan dagoela eta negozio berdeko nitxo bat sortzeko helburua baino ez duela. Gaineratu dute euskal alderdi neoliberalek ere etekina ateratzen dutela honetatik; hala nola EAJk eta PSEk, “horrela geure negozioaren gurpila eta bere lagunena elikatuz”.

Erakunde sinatzaileek ukatu egiten dute Petronor edo Bahía de Bizkaia bezalako enpresek, CO2 emisioen erantzule nagusiak izanik, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. Argi eta garbi adierazi dute: Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero; hain zuzen ere, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik,

Hori guztia gertatzen da, esan dutenez, prekarietatea eta pobretzea handitzen ari den une batean, etxebizitzarekin egiten den espekulazioak, pentsioen murrizketak, osasuna, hezkuntza edota zaintzetako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari diren une batean. Bestalde, eten ez diren feminizidio eta indarkeria matxistak aipatu nahi izan dituzte. Mugetan ematen diren heriotzak eta militarizazioa, jazarpen arrazistak, mundu osoko gerrak ere aipatu nahi izan dituzte. Horiek guztiak, esan dute, “gizarte gisa erantzun beharreko errealitateak dira”.

Erakundeek helburu pribatuetarako egiten den diru publikoaren erabilera salatu dute, hain zuzen ere, gailur honetan aurkezten den trantsizio energetikoak lobby hauekiko mendekotasuna elikatu baino ez dute egiten.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialek indarrak batzeko deia egin dute kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera, eta mezu nagusia irmo adierazi dute:

“Munduko Bankua eta haren heriotza-politikak ez dira ongi etorriak; energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan”.

Administrazio arduradunei eskatzen diete eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela, behar den aldaketa egiteko haiek dauzkaten proposamenak; izan ere, esan dutenez, “trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz”.

Horregatik guztiagatik, hurrengo astean egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin dute eta programa hau aurkeztu dute:

  • Maiatzaren 23an: kontzentrazio zaratatsua 8:30ean Ansio metroko irteeran,
  • Maiatzaren 24an: Bilboko Plaza Eliptikotik 19:30ean aterako den trantsizio ekosozialaren aldeko
  • Maiatzaren 25ean: hitzaldia Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin 19:00etan BilboRock-en.

Kaleak hartzeko dei batekin eman dute itxiera:

“Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak, eta, elkarrekin, jendarte eredu-aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz!”, esan dute.

ERAGILE DEITZAILEAK: ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, OLATUKOOP, ERNAI, EKOLOGISTAK MARTXAN, GUNE EKOSOZIALISTA, EXTINCTION REBELLION BIZKAIA, FRIDAYS FOR FUTURE, SCIENTIST REBELLION EH ZIENTZIALARIEN MATXINADA, GREENPEACE, BASOA, SUKAR HORIA, OMAL, MUGARIK GABE, LUMALTIK, BIZILUR, ZEHAR ERREFUXIATUEKIN, BILGUNE FEMINISTA, BEA, EMF CUIDADORAS SANITARIAS, MUJERES DEL MUNDU, EH- KO MUNDU MARTXA, ARGITAN EMAKUMEENTZAKO AHOLKU ETXEA, OEE BIZKAIA, MOC, GERRARI EZ PLATAFORMA, BERRIOTXOAK, GAUR GEROA- PENTSIONISTAK, ONEKA EH EMAKUME PENTSIONISTEN PLATAFORMA, COLLECT LEONDINE BERA, URIBARRI PREST, …

 

  • Twitter
  • Facebook