Autopista Kanpora auzo-plataformak ez du onartzen Errekaldeko saihesbidearen proiektua atzeratzea aurrekontu faltagatik

Imanol Pradalesek Bizkaiko Batzar Nagusietan (2022/04/27) adierazi duenez, Errekaldeko saihesbidearen proiektuak itxaron egin beharko duela, aurrekonturik ez dagoelako; adierazpen horiek direla eta, Autopista Kanpora auzo-plataformatik gure nahigabea eta ezinegona adierazi nahi dugu, eta Errekalde auzoa bitan zatitzen duen munstroa ahalik eta lasterren eraisteko aldarrikapena egiten jarraitzeko erabakia berresten dugu.

Ildo horretan, lehen neurri gisa, maiatzaren 19an, 19:30etan Errekaldeko plazan egingo den mobilizaziorako deialdia egiten  dugu.

Imanol Pradales jaunak, agian, pentsatuko du Errekalde auzoan bizi garenok, oro har, eta plataforma honetan parte hartzen dugunok, bereziki, bigarren mailako herritarrak garela eta memoriarik gabekoak gainera. Hau errealitatetik oso urrun dago.

Berak, eta berarekin Bilboko Udalean eta Bizkaiko Foru Aldundian erantzukizun instituzionalak partekatzen dituztenei esan nahi diegu, aitzakiaz, gezurrez, engainu-saiakerez eta bete gabeko promesez betetako motxila bat daramatela bizkarrean, honako mugarri hauetan laburbil daitekeena:

  • Proiektua egiteko data jario bat, begi-bistakoa denez, bete ez dena (2016, 2018,…)
  • Urteetan zehar gobernu-taldeari egin zaion aurrekontu eskaera eta aldundiaren aurrekontuei aurkeztu zaizkion alegazioak (alegazio partikularrak eta batzarkide taldeen bidez) Errekaldeko sahiesbidearen proiektua idazten hasteko aurrekontu-partida bat erreserbatzeko eskatuz (2017, 2018, 2019, 2020, 2021eko aurrekontuetan), inoiz onartu ez dituztenak. Orain Pradales jaunak esan diezagun Aldundiak “ez duela aurrekontu-zuzkidurarik” gai honetarako. Hau harridura!
  • Bilera kate luzea, engainuz eta konpromiso faltsuz betea, lehenik eta behin HAPO berria Bilboko Udalean onartzeko beharra aitzakiatzat hartuta. Zehazki, azkeneko bileran, zeina 2021eko azaroaren 15ean mantendu baitzen, lurralde-garapeneko sailak ziurtatu zigun ez zela beharrezkoa aurrekontuan berariazko partida bat egotea; izan ere, HAPOa onartu ondoren (hur-hurrekoa baitzen), sailean zeuden beste partida generiko batzuen kargura hasiko zituztelako izapideak.

Aurreko guztia nahikoa ez balitz, aurretik hartutako beste “konpromiso” batzuk aipatzen dizkigute. Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra (Supersur) bezalako megaproiektua, Bolintxu bezalako ingurune naturalak malapartatuta utziko dituena, Lamiakoko urpeko tunela, edo lehenetsiz joan diren beste proiektu askoren ondorioz  aurrekontu-partidarik ez dagoelako, gure aldarrikapena oraingoa ez dela kontutan izan gabe. Gogoan izan Errekaldek 47 urte baino gehiago daramatzala autobidea jasaten eta desagertzeko eskatzen.

Guzti honekin berresten dugu argi dagoela bizkaitarrak gobernatzen dituzten erakundeek ez dituztela pertsonak proiektuen gainetik jartzen, baizik eta proiektuak pertsonen gainetik, eta egi hau lau haizetara zabaltzen jarraituko dugu.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu gure aldarrikapen justu eta logikoa babesten jarraitzen duten pertsona, alderdi politiko eta gizarte-erakundeei, eta dei egiten diegu deitutako mobilizazioetan parte har dezaten.

Utzi gezurrak eta aitzakiak. Jar itzazue pertsonak interes ekonomikoen gainetik.

Autopista Errekaldetik Kanpora!

 

  • Twitter
  • Facebook