Argindarraren prezioaren igoerak eragindako haserreak erantzuna izango du larunbat honetan Bilbon

Sakeoari Ez! Energiarako Eskubidea‘ dinaminak, auzo elkarteek, sindikatuek, beste gazte erakunde batzuek eta talde ekologistek -horien artean dago Ekologistak Martxan- babestua izan dena, larunbat honetan 18.00etan Bilboko  Arriaga plazatik abiatuko den manifestazioarekin bat egiteko dei egiten die herritarrei.

Hauxe da komunikatuaren testu osoa:

Ia urtebetez hilabete bakoitzean argindarraren prezioan igoera handiei aurre egin ondoren, errekor berri baten eta maximo historikoen albisteak ia ohitura bihurtu dira, eta atzera begiratuz gero, gaur egun duela urtebeteko kopuruaren bikoitza ordaintzen ari garela ikus dezakegu. Horren ondorioz, gero eta zailagoa egiten zaigu hilaren amaierara iristea.

Argindarraren igoerarekin batera bestelako zerbitzu eta produktuen igoerak ere etorri dira, besteak beste, gasa edota petrolioa ere izugarri igo dira azken hilabeteetan eta etxebizitzaren prezioak ere maila historikoak gainditu ditu.

Bizitzaren kostua zentzu guztietan handitzen ari da langile-klasearentzat, eta elektrizitateari dagokionez, esanguratsua da hamar familiatik batek ezin dituela dagoeneko argiaren fakturak ordaindu. Sistema honek kondenatzen gaituen pobrezia energetikoa errealitate bat da.

Prezioen igoerak aldez aurretik zeuden desorekak biderkatzea eragin du, eta modu larriagoan eragiten die honek jendarteko sektore batzuei, besteen artean: gazteei, emakumeei, aniztasun funtzionala daukaten pertsonei, pertsona migratuei eta bereziki egoera irregularrean dauden pertsonei.

Izan ere, beharrezkoa da argiaren igoera horiek klase baxuenen pobretzearekin eta prekarizazioarekin elikatzen eta aberasten den sistema kapitalista baten esparruan kokatzea, arrakala hori gero eta handiagoa izanik, planetaren mugen gainetik eta, jakina, pertsonen beharren gainetik pasatuz.

Argindarraren prezioaren igoera eguraldiaren fenomenoa izango balitz bezala aurkezten digute interes politiko eta ekonomikoek, gizakion borondatetik kanpo gertatzen den fenomenoa bat izango balitz bezala; aldiz, errealitatea hortik oso urrun gelditzen da.

Argiaren igoera bultzatzen duten faktore koiunturalak dauden arren, sakoneko arazoa konpainia elektriko handien neurrira egindako sistema elektrikoaren diseinua da. Izan ere, gasaren prezioaren igoerak elektrikoen mozkinak handitzen dituela ikusten ari gara, sistema honen diseinuaren zitaltasuna agerian utziz.

Oligopolio elektrikoak aberastasunak pilatzen dituen bitartean, milaka pertsonek jateko erosketa egin eta argia piztu erabaki behar dute, eta hau onartezina da.

Horregatik guztiagatik, herritarrei dei egin nahi diegu larunbatean 18:00etatik aurrera, Arriagatik irtenda, egingo den manifestazioan parte har dezaten.

Sakeoari Ez! Energiarako Eskubidea‘ dinamika honako kolektibo hauek babesten dute:

Ekologistak Martxa, Sukar Horia, Azet, Alogerekoak, Auzo Elkarteen Federakundea, ELA, LAB, CCOO, Komite Internazionalistak, Gu Ere Bagara Bilbo, Ernai, Sortu, Greenpeace.

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Twitter
  • Facebook