AHTren aurkako mobilizazio berriak uztailean eta abuztuan

Uztailaren 28tik abuztuaren 1era bitartean beste mobilizazio batzuk deitu dituzte Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurka.

Alde batetik, Nafarroatik, AHT Gelditu taldeak etapaz etapako ibilaldia antolatuko du, Iruñetik irten eta Atxondon amaituko dena. Manifestazioa deitu duen taldeak “AHTren munstroa gelditzeko garaiz gaudela” agerian uztea du helburu. AHT gelditu-ren hitzetan:

“AHT dagoeneko eraikita dagoen azpiegitura dela eta atzera egiterik ez dagoela inposatzen ari zaigun ideia da. Errealitatetik oso urrun, ordea. AIREF (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) erakundeak emandako datuen arabera, EAEn 15 urteko lanen ostean, inbertsio osoaren % 58 falta da oraindik. Nafarroaren kasua are nabarmenagoa da, 10 urteko lanen ondoren inbertsioaren % 96 falta baita oraindik.

Historiako krisi ekologiko eta ekonomiko handienaren erdian, AHT Euskal Herriaren etorkizunerako azpiegitura estrategikoa eta funtsezkoa dela sinetsarazi nahi digute. Obrekin jarraitzeko urteko aurrekontu neurrigabeez gain, orain, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak esan duenez, Covid osteko berreskurapenerako Europako funtsen zati handi bat azpiegitura hori finantzatzeko erabili nahi dute. Hau onartuko dugu? Funts publiko horiek, beste behin ere, enpresa pribatuak finantzatuko dituzte kapitalismo berdea sendotzeko aurrekaririk ez duen operazio batean, eta aldi berean gizarte-gaietan egindako murrizketak eta biztanleriaren sektore handien pobretzea gero eta jasangaitzagoak izango dira.
Ezin diegu utzi inbertsio publiko gehiago xahutzen hondorik gabeko putzu honetan, iristen ari den kolapsoa are gehiago bizkortuko baitu.

Oraindik AHTaren munstroa gelditzeko garaiz gaudelako, uda honetan, bizikletaz joango gara Nafarroatik Atxondon (Bizkaia) uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean egingo den AHTren aurkako kanpaldira. Bizikleta martxa Iruñetik abiatuko da uztailaren 28an, asteazkenean, eta kanpaldiaren hasierara uztailaren 30ean iritsiko da. Bizikleta martxarekin hainbat lekutan bat egingo duten zutabeak osatzera animatzen zaituztegu”.

Bizikleta martxari buruzko egitaraua eta informazio gehiago

Kanpaldirako izen-ematea

  • Twitter
  • Facebook