Gorbeiara igotzeko bidean pista bat ireki izana salatu du Ekologistak Martxan taldeak

Egiriñaoko pagadiaren zoruak kalteak pairatu ditu, baina makina astunak erabiltzea ingurune natural babestu batean ez da irtenbidea

Aurreko astean, Gorbeiako tontorrera igotzeko bide tradizionalean, Aldapeko pasabidetik Egiriñaoko pagadiraino, 600 metro inguruko pista baten irekiera ezagutu zuen Ekologistak Martxan taldeak sare sozialen bidez (Juan Manuel Pérez de Anaren facebookean, bertatik testuaren argazkia hartuta dago).

Hondeamakina txiki bat erabili dute irekitzeko, eta, sareetan zabaldutako argazkietan ikus daitekeen bezala, lan horiek lurzoruaren egitura naturala kaltetu dute (lurzorua hondeatu eta lautu egin baita). Gainera, harria kendu dutenez gero, gune karstikoei ere eragin diete. Hori dela eta, Parke Naturaleko bisitari askok kexak adierazi dituzte inguruko naturari eragindako kalteagatik.

Egindako zalapartaren ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) obra hori azaltzeko zabaldu zuen komunikatuaren arabera, obrek zuten helburua zen bidean eta Egiriñaoko pagadian eragindako kalteak lehengoratzea. Dirudienez, kalte horiek inguru horretan buelta bat ematen edo etengabe Gorbeiako tontorrera joaten diren ibiltarien, baita bereziki, Santiago egunean joaten direnen joan-etorrien ondorio dira.

Ekologistak Martxan taldearen ustez, egokia da bidea lehengoratzea, esaterako, bide paraleloak errekuperatzeko baliagarria den koko-sarea jarriz edota bidezidor ibiltari bakarra markatuz; baina ez da batere zuzena ezta beharrezkoa ere makineria astuna erabiltzea bide zaharreko lurzorua induskatu eta mugiarazteko, eta ondoren, pista bihurtzeko.

Talde ekologistaren aburuz, ingurune naturala, bide tradizionala eta inguruko paisaiaren aldaketa da pista hori irekitzea. Ez da, beraz, onargarria, Gorbeiako Parke Naturalaren barruan antropizatzeko eta artifizializatzeko modu bat baita.

Bat dator bisitarien, mendizaleen eta abereen zapalketaren ondorioz Egiriñaoko pagadiko lurzoruak asko sufritu duelarekin Pagadiaren beraren mantentze-lanak arriskuan jarri arte; hortaz, premiazkoa da hura lehengoratzea eta hobetzea, baina horrek ez du harremanik bidezidorreko jarduketekin. Pagadiko lurzorua lehengoratzeko eta hobetzeko perimetro-hesi bat egin behar da, pertsonen eta animalien joan-etorri askeak lurra zapaldu dezan saihesteko. Ekologistak Martxan taldeak hainbat aldiz helarazi dio BFAra ospakizunak mugatu eta pagadi horren inguruan masifikazioak saihestu beharko liratekeela, ez baitira batere egokiak horrelako ingurune natural eta hauskorra babesteko.

Azkenik, Ekologistak Martxan taldeak bidezidorra lehengo egoerara itzultzeko eskatu du, inguruko erliebe naturala mantenduz eta erabat landareztatuz.

  • Twitter
  • Facebook