Zaldibarko zabortegia erori ondoren.. 37 egun erantzunik gabe

Jendartearen osasunari lehentasuna eman nahi izan diogu; beraz, gaur bertan antolatuta zegoen konzentrazioa bertan bera uztea erabaki dugu. Halere, irakurri beharko genuen adierazpena helarazi nahi dizuegu, Zaldibarko luiziaren egoeraren eta izan dituen ondorioen gainean daukagun iritzia argi eta garbi esatea garrantzitsua dela uste dugulako. Eta batez ere, Joaquin eta Alberto oraindik ez direla agertu gogorarazi.

Zaldibar Argitu elkarteak antolatutako mobilizazio egunari babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu

  • 37 egun Alberto eta Joaquin gabe. Senide eta lagunen minak ez isiltzea eskatzen digu.

  • 37 egun hondakin industrialen zabortegi bat erori zenetik. Zabortegi horrek hondakinak jasotzen zituen inplikatutako erakundeen kontrolik gabe. Zenbat zabortegi pribatu gehiago, mugarik gabeko irabaziak dituztenak gure osasunaren, ingurumenaren eta bertako langileen bizitzaren kontura? Oroimenera datorkigu egoera ez oso argian hildako senegaldar jatorriko langilea, Zorroza Gestión de Residuos enpresan, Murgan.

  • 37 egun horietan, gorpuak eta hondakinak ateratzeko lanetan ari diren langileak (suhiltzaileak, etab.) osasuna eta segurtasuna bermatzeko baldintza duinik gabe ari dira.

  • 37 egun hauetan, erakundeen erantzunak (Verter Recycling 2002 zabortegiaren jabearen aldetik ez dakigu ezer) kontraesankorrak izan dira, eta arduradun bakar batek ere ez du bere kargua eskura jarri. Gaur egun, ez dakigu nola berreskuratuko den kaltetutako lursaila, zuzenean kaltetutako herritarren osasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik. Gaur egun ez dakigu zenbat, nola eta nork (edo agian bai) ordainduko duen eragindako hondamendia. Enpresa jabeak jarritako milioi euroko fidantza ez da iritsiko.

Ziurtasun batzuk baditugu:

  • 2 lankide galdu ditugu

  • Hamarkada honetako EAEko ingurumen-hondamendirik handiena da.

  • Hondakinen kudeaketa publikoaren kontrolik ezak markatu du gobernuaren jarduna. Hondakinen kudeaketa ez da gobernuaren erantzukizun subsidiario bat; kudeaketak eta kontrolak publikoa izan behar du.

  • Diruzalekeria pribatua eta kontrolik eza publikoa, arma hilgarri gisa agertu dira gure osasunerako eta ingurumenerako.

  • Zaldibargo zabortegia erortzearen eta Mutiloakoa ixtearen ondorioz, eta EAEko gainerako zabortegietan sartuko ez liratekeen 600.000 tonetarako lekua aurkitzeko premia larria ikusita, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, Arriola jaunak, Agindu bat igorri zuen 2020ko martxoaren 4an. Bertan hondakinen ekoizleei eskatu zien, orain bai, baina aldi baterako, zabortegira botatzea ekidituko duen balorizazioa.

  • 2018. urtean, 1.000.000 tona inguru joan ziren zabortegira birziklatu edo berrerabili gabe. Helburu bakarra irabaziak esku pribatuetan metatzea zen. Agindu honen xede diren industria-sektoreek (papergintza, siderurgia, eraikuntza, etab.) erantzungo al diete proposatutako neurri horiei? Edo irtenbide ekonomikoagoak bilatuko dituzte, hala nola EAEtik kanpora isurtzea, hondakinik gabeko ekoizpen garbia abian jartzeko ezintasuna argudiatuz? Beldur gara hau izango dela aukera, aukera askea uzten bazaie.

  • Martxoaren 4ko Aginduaren ostean, Zero Zabor Bizkaian Elkarguneak ohartarazi nahi du hondakin-fluxuen erraustea aurreikusten duten balorizazioek ez luketela beteko Hondakinak Kudeatzeko Jerarkiaren printzipioa, lehentasunezkoa baita haren balorizazio materiala (lohiak konpostatzea nekazaritzan aplikatzeko, plastikoak birziklatzea..), eta ingurumen-ondorio kaltegarriak izango lituzkeela. EAEko hiru zementu-fabriketan edo Zabalgarbin edo Zubietan errausteak, gas isuri kaltegarriak eragingo dituzte.

HORI GUZTIAGATIK BERREZTEN DUGU:

Lehentasuna Joaquin eta Albertoren gorpuak aurkitzea da.

Erantzun eta neurri gardenak, eraginkorrak eta argiak behar dira.

Lan-baldintza duinak eta seguruak eskatzen ditugu erreskate-taldeentzat.

Hondakinak kudeatzeko beste eredu bat eskatzen dugu, kontrol eta kudeaketa publikoarekin

Zabortegi publiko eta pribatu guztien auditoria publikoa

  • Twitter
  • Facebook