-Aurreikusitako kontrol-sarea ez dator bat gertaeren larritasunarekin, maiztasunari eta neurketa-puntuei dagokienez
-Aixolako urtegia eta lurpeko uren laginak hartzeari uko egin dio planteamenduak
Zaldibarko zabortegia irristatu ondoren, eta horrek inguruko urentzat, lurrazalekoentzat zein lurpekoentzat, dakarren arriskua kontuan izanda, URAk zaintza plan bat jarri du abian. Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak proposatutako kontrolak eta maiztasunak, egoeraren larritasuna ikusita, nahikoak ez direla uste du Ekologistak Martxan taldeak.
Antolatutako kontrol-sarearen diseinuak zabortegiaren inguruko uretan eta, bereziki, Beko (edo Aixola) errekastoan eta Ego ibaian izan daitezkeen eraginak aztertzen ditu, baina Aixola urtegia aztertzeari uko egin dio “duela urte batzuetatik hona, sistematikoki egindako analisiek ez dutelako zabortegitik datozen kutsatzaileen inongo emaitzarik eman”. Egoera, ordea, erabat aldatu da. Horrez gain, lurpeko uren laginak hartzea ere ez du aurreikusten.
Gainera, planak egunero 5 puntutan aztertzen du emaria, baina ohiko parametroak baino ez ditu kontuan hartzen, espero denetik oso urrun. Kutsatzaileen, besteak beste substantzia arriskutsuen, bilaketa gehitu egiten da, baina kontrola 2 puntura murrizten da eta maiztasuna, gainera, 5 egunetik behin izatera pasatzen da. Azkenik, datu-bilketa zehatzagoa estazio eta adierazle bakarrera mugatzen da. Hori eroankortasuna da, substantzien presentzia hautemateko erabiltzen den balioa; hala ere, ez du zehazten substantzia zein den.
Pixkanaka-pixkanaka errealitatea ezagutzen goaz, baita instalazioetan egindako ikuskapenak ere. Horietako azkenak kalifikazio baxuena lortu eta aurkitutako irregulartasunak agerian utzi zuen. Ondorioz, ezbaian jarri dituzte erakundeek orain arte ezarritako kontrolak.
Hori guztia dela eta, Ekologistak Martxan taldearen aburuz, URAk proposatutako planak ez du bermatzen zabortegiak dituen hondakinen karakterizazioa eta sor daitezkeen ondorioak (isurketak) ezagutzea. Hortaz, planak eguneroko kontrolak puntu guztietan eta parametro guztietarako jaso beharko lituzke, bai azaleko uretan, bai lurpeko uretan.