Ekologistak Martxanek salatu nahi du Bilboko Udalak Bilboko mendiak urbanizatzeko daraman politika, kasu honetan Pagasarrira sartzeko bidearen hormigoztatzeko zentzugabekeria ekarri duena.
Tzirrindularien eta mendizaleen artean sortzen diren gatazkak eta arriskuak saihesteko, Udalak “agregakin koligantea” izeneko hormigoi mota duen pista bat proposatu eta eraiki du, bi gunerekin, teorian, bereizita: heren bat mendizaleentzat, eta bi heren eskuinean, baimendutako bizikleta eta autoentzat.
Lehenik eta behin, pentsatzen dugu proposamen honekin mendizalei muzin egiten zaiela, bideetako protagonistak izan beharko luketela, txirrindulariei espazioa eta abiadura mugatuz, beren gizalegera jotzeaz aparte. Bestalde, ibilgailuen joan-etorria puntuala da, eta horrexegatik ez dutela tratamendu berezirik izan behar pentsatzen dugu .
500 metroko pista eraiki ondoren, “Isiltasunaren aldapa” deiturikoan inpaktu bisuala izugarria da ez dagoelako batere integratuta paisaian. Naturagune babestuetan inguruarekin errespetuz birsortzeko teknikak eta esperientziak daudenez, ulertezina da hain teknika zirraragarriak erabiltzea. Jarduketa hori Pagasarri mendiko Plan Bereziaren aurka doa, ez baitu betetzen 3.2.2. artikulua: “Ingurunean integratuta eta bidezidorren, bideen eta pisten ingurumen-kalitatea kaltetu gabe, egokitzeko eta hobetzeko jarduketa bigunak onartzen dira”.
Gainera, hormigoizko pista horrek ez du konpontzen mendizaleen eta bizikleten arteko bizikidetza-arazoa; izan ere, bi gunetan bereiztea ez dago argi, tarte askotan ez dago desberdintasunik, eta, gainera, batzuetan bidea estutu egiten da, eta, beraz, oro har, ibiltariak, normala den bezala, bide osotik joaten dira.
Azkenean, lortzen dena mendia hormigoitzea da, gero eta gehiago urbanizatuz, baina helburua guztiz kontrakoa izan beharko litzateke, Plan Bereziaren funtsezko helburua den mendia birnaturalizatzea eta birsortzea.
Jarduketa horiek sortzen diguten kezka areagotu egiten da; izan ere, obra hau esperientzia pilotu bat da, Pagasarriko gainerako eremuetara eta, are gehiago, Bilboko gerriko berdeko beste mendi batzuetara heda daitekeen baloratzeko; hau da, Bilbo inguruko bide gehienak hormigoiztatu nahi dira.
Gainera, duela urte askotatik gertatzen den bezala, ez diete ematen lekurik gai hauetan interesatuta dauden taldeei bere iritzia emateko; beraz, azkenean, gertaera burutuekin egiten dugu topo: hormigoiztatutako mendiarekin.
Horregatik guztiagatik eskatzen dugu obra egin aurreko egoerara itzul dadila, eta hausnarketa bat egitea bereziki txirrindularien eta mendizaleen arteko elkarbizitza bultzatzeko neurrien inguruan eta, oro har, irisgarritasunaren eta barne-mugikortasunaren inguruan. Hausnarketa horretan herritarren gozamenerako Pagasarri naturalagoa lortzeko interesa duten talde guztiek parte hartu beharko lukete.