Aurreskua Gernikako eukaliptopean

Azaroaren 23ak Bertoko Basoen Egunarekin bat egiten duenez:

Kolore Guztietako Basoak, bertoko basoa berreskuratzeko eta egungo basogintza intentsibo eredua gainditzeko lan egiten duen plataformak, jolas egiteko, kritikarako eta dibulgaziorako egun bat antolatu du azaroaren 24an. Ekitaldia Gernikan ospatuko da, eta helburua da eukaliptoak dakartzan arriskuak ikusaraztea. Beste kontinente batean jatorria duen espezie horrek ingurumena larriki kaltetzen du, batez ere, Bizkaiko hainbat herritan gertatzen den bezala, hektarea askotako monolaborantzarekin.

Ekitaldian aurreskua dantzatuko du Gernikako eukaliptopean. Izan ere, zuhaitz mota horren landaketa etengabe ari da hazten, eta badirudi radiata pinuaren ordezkoa izango dela. Horregatik, aurreskuak ez du omenaldi izaera izango, eta dantzariak beltzez jantzita dantzatuko du.

Dantzaren ostean, publikoarekin elkarlanean, monolaborantzaren eta naturatik hurbileko basogintzaren eta kontserbazio basogintzaren arteko desberdintasunak erakutsiko ditu.

Ekitaldia bazkalordura arte luzatuko da, eta Kolore Guztietako Basoak plataformaren proposamenaren inguruko esku-orriak banatu bitartean herrian zehar kalejira egingo da.

EGITARAUA:

12:00 Gernikako tren geltokia (kalejiraren hasiera)

13:00 Euskal Herria Museoko lorategia (aurreskua)

14:30 Herri-bazkaria Astran (beharrezkoa da azaroaren 20a baino lehen izena ematea koloreguztietakobasoak@gmail.com )

  • Twitter
  • Facebook