Plastikoaren gehiegizko erabileraren aurrean harturiko jarrera

Uztailaren 1ean Plastikoen murrizketarako-errege dekretua sartu da indarrean. Dekretu honen ondorioz dendek ezin izango dituzte erabilera bakarreko plastikozko poltsarik debalde eman (soltean erosten diren produktuen poltsak izan ezik, garbitasuneko arrazoiak direla medio).

Plastikoaren gehiegizko erabilerak sortzen dituen arazo larriak kontuan izanik, Zero Zabor Bizkaia Plataformak indarrean jarri berri den neurria beharrezkoa dela onartu du, nahikoa ez den arren.

Plastikoa gehiegi erabiltzen dugula aipatu behar dugu berriro. Bi edo hiru belaunalditan gure planeta pastikoz josi dugu, horrela itsasoetan dagoen hondakinen %80a plastikoa da. Plastikoa ekoizteko kostua oso baxua denez, plastikoa gure bizitzetan gailendu egiten da. Aldaketa klimatikoarekin batera, plastikoaren erabilera gutxitzea da ingurumena babesteko borroka nagusienetako bat.

Arazo larri honi irtenbideak topatzea ezinbesteko bilakatu da. Irtenbide orokorrak bilatzea garrantzitsua den arren, lokalagoak diren erantzunak bilatzea ere oso garrantzitsua da, neurri zehatz eta errezez.

Gaur egun plastikoa birziklatzeko aukerak oso urriak dira, horregatik aurki daitekeen neurri bakarra plastikoaren erabilera gutxitzea da: erabilera bakarreko plastikoak merkatutik kendu eta birziklapena sustatuz. 2016 urtean zehar bizkaitarrok 41.000 tona plastikozko hondakin sotu genituen, argi dago beraz gure ardura. Erronka honi aurre egiteko udaletxe eta administrazio publikoen laguntza behar dugu, biztanleok soilik ezin baitiogu arazo honi erantzun egokiia eman, Europako Batzordeak ezarri dituen ekonomia zirkularreko estrategiekin bat eginez, plastikoa gutxituz eta birziklapena bultzatuz.

Egoera honi erantzun egoki bat emateko bidean, Zero Zabor Bizkaia Plataformak bizkaiko udaletxe eta Batzar Nagusien aurrean plastikoaren erabilera gutxitzeko zenbait proposamen egin ditu.

Plataforma Zerbo Zaborrek aurkezturiko mozioetan Euskal Herriko instituzioei (udaletxe, Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzari) euren konpetentzien barnean ekintzak prestatu eta arazo larri honi irtenbideak topatzeko eskaera egiten zaie. Honela, Europar Batzordeak 2030 urterako plastikozko ontzi guztiak birziklagarriak izan daitezenaren estrategiarekin bat eginez. Gainera, udaletxe eta Foru Aldundiei 4 hilabeteko epean neurri bereziak argitaratzea eskatzen zaie.

Honekin batera Eusko Jaurlaritzak legedia berria aurkeztea exijitzen dugu, erabilera bakarreko plastikozko ontziak debekatzearen alde, jadanik Balearreko edota Nafarroako gobernuek egin duten modura.

Azkenik, mozioak adierazten duenez, udaletxeek plastikoaren berziklapenerako neurri bereziak jartzea beharrezkoa ikusten dugu: plastikozko ontziak bueltatzea adibidez, bizkaiko hainbat tokitan egin duten proba.

Gaur arte honako udaletxeek onartu dute gure proposamena: Barakaldo, Getxo, Erandio eta Basauri, eta bakarrak ez izatea espero dugu.

Zoritxarrez, Bilbon ez dute proposamena onartu. Behin ere Bilboko udaletxeak EAJ-PSOE alderdiekin batera, beren benetako aurpegia erakutsi digu. Birziklapenaren kontrakoa, plastikozko hondakinak gutxitzearen aldeko ekintza zehatzak ez bilatzeko akordioa eginez.

Berebiziko garrantzia duen arazoa da, gure planetaren eta gure osasunaren etorkizunak jokoan daude! Guztion artean egoera hobetzea posible da.

Aurkezturiko mozioa irakurri

  • Twitter
  • Facebook