Bilboko Udalak iragarritakoa dela eta, 5. edukiontzi marroia, materia organikoa jasotzekoa, udalerri osora hedatuko duela, EKOLOGISTAK MARTXAN erakunde ekologistak poza adierazi nahi du, baina ez erabatekoa.
Poza, noski, urrats bat delako, txikia izan arren, zeina lortu den urteak eta urteak eman ostean eskatzen eta presio soziala eragiten. Ez erabateko poza, baina, zaborra biltzeko sistema honen balioa frogatzeko dagoelako, eta hondakinen kudeaketaren arazoa ez delako konpontzen soilik beste edukiontzi bat gehiago jarrita kaleetan. Gure ustez, horrekin batera beste neurri garrantzitsu batzuk ezarri behar dira: erakundeen laguntza zerga-onuren bidez, etengabeko sentsibilizazioa, bildutako materia organikoa malgutzea, izena emateko epeak hedatzea, etab.
Asko dago oraindik egiteko, Udalak eginiko urrats hau ez dadin izan alferrikakoa, ez dadin izan formalismo hutsa, ezta beste edukiontzi bat gehiago gure kaleetan, eta erakundeek zein herritarrek haren erabilera sustatu eta parte har dezaten.
Hamarkadak presio soziala eragiten
Urteak eta hamarkadak eman ditugu esaten zabor organikoa berreskuratzeko eta ez erretzeko hondakin baliotsua dela. Urteak, bai, 80ko hamarraldiaren amaieratik Bizkaian hondakinen kudeaketarako irtenbide bat bilatzen eta planifikatzen hasi zenetik; EKOLOGISTAK MARTXANek materia organikoari heldu behar zitzaiola zioenetik, hondakinen % 40 delako, eta horrela ZABALGARBIko erraustegia ez zelako izango beharrezkoa. Horren adierazgarri dira Bizkaiko talde politikoei, Bilboko Udalbatzari eta hainbat herritako agintariei aurkezturiko eskaera eta mozio ugariak. 2005. urtean, Bilboko Udalari hirirako proposamen zehatz bat igorri genion, azterketa tekniko bat eta esperientzia pilotu bat abia zitzan.
2012an, esperientzia pilotua Deustu auzoan abiatu zenean, bazirudien ekimenaren arrakastak, Udalak berak iragarriak, 5. edukiontzi marroia Bilbo osora hedatzea eragingo zuela. Alabaina, 6 urte baino gehiago igaro behar izan dira albiste hori egia bilakatzeko, eta ez da izango erakunde ekologistak ez dielako eskaera behin eta berriz egin erakundeei; izan ere, 2013an, 2015ean eta 2017an, urte bakoitzean mozio bat aurkeztuta, herritarrek babestuak, berriro galdegin genuen hondakin organikoaren bilketa sustatzeko beharra, alegia, gaikako bilketaren beharra, arlo horretan Bilbo oso atzean baitago, % 0,21 eskasarekin.
Herritarren parte-hartzearen sustapena
Asko dago egiteko, bai. Bizkaian, urrun gaude materia organikoaren bilketa bereiziari dagokion tasa betetzetik. BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN beraren datuen arabera, % 1,4koa besterik ez da, beraz, urrun dago PIGRUBen 2016rako proposaturiko % 4,5etik. Bada, Bilbokoa, 2016an, % 0,21ekoa izan zen, are okerrago… lotsagarria.
Gipuzkoak, aldiz, Bizkaiak baino 8 aldiz gehiago jasotzen du biohondakina, Bizkaiko biztanleria bikoitza bada ere. Behin betiko konpondu behar dugu nahaspila hau, eta espero dezagun edukiontzien hedapenak eta kontzientziatzeko kanpaina garrantzitsuak, aipatu gainerako neurriekin batera, nabarmen handitzea kopuruak.
Behar-beharrezkoa da erakundeek, Udalak eta Aldundiak benetan esku hartzea herritarren parte-hartzea bultzatzeko orduan, zerga-onurak ahalbidetuta eta herritarren sentsibilizazioa areagotuta, etengabeko kanpainen bitartez, gure bizilagunak jabe daitezen eta biohondakinaren bilketa bereiziaren aldeko apustua egin dezaten. Denok gaude horretara deituta. Bidea egiten hasiak gara, baina, esan bezala, asko dago egiteko, eta espero dezagun, oraingoan, ez igaro behar izatea urteak eta hamarkadak proposamen errazak, azkarrago ibiltzen lagun diezaguketenak, geure egin ditzagun.
EKOLOGISTAK MARTXAN BIZKAIA