BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EUROPAR BATASUNAREN AURKAKO LEGEAK EGITEN DITUZTE

 

Bizkaiko Batzar Nagusiek txorien harrapaketa eta gatibutasun hazkuntza baimentzen duen Proposamena onartu izana salatu dute talde ekologistek.

Joan den 2016ko urriaren 17an, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak Arauz Besteko Proposamen bat onartu zuten, 2018 arte hegazti fringilidoak bizirik atzematea eta haztegiratzea (lumaje- edo kantu-txapelketarako), gaztelaniaz “silvestrismo” izenekoa, baimentzeari buruzkoa.

Proposamen horren berri izan zutenean, Ekologistak Martxan Bizkaiak, Txipio Bai Elkarte Naturalistak eta Lanius Elkarte Ornitologikoak arbitrariotzat eta ulergaitzat jo zuten, ezbairik gabe. Haize kontra eta lege-oinarririk edo argumentaziorik gabe idatzi zela irizten diote, eta bertan behera gera dadila eskatu.

Europar Zuzentaraua

Talde Popularreko batzarkide batek aurkeztu zuen Proposamena, EAJren eta PPren aldeko botuak eskuratu zituena, eta, arrazoitzeko, zera baieztatu zuen: “gaur eguneko araudiak, Estatukoak eta Europakoak, hegazti fringilidoak haztegiratzeko bizirik harrapatzen jarraitzea baimendu egiten dute 2018 urtera arte”. Aitzitik, legeak eta egitateek kontrakoa frogatzen dute:

  1. Hegazti basatien babes-erregimena hegazti basatien kontserbazioari buruzko 2009/147/CE Zuzentarauan jasota dago. Bertan xedatzen denez, kide diren Estatu guztiek hegazti basatien espezie guztiak kontserbatzeko betebeharra dute, eta hegaztiak nahita harrapatzearen, saltzearen edo gerora atxikitzearen debekua edo bezalako neurriak aplikatzeko betebeharra dute Estatuek. Autonomia-erkidegoek (gure kasuan, aldundiek) hegaztiak atzemateko baimenak eman zitzaketen, 9. artikuluaren salbuespenak aintzat hartuta, hau da, “ikerketarako edo irakaskuntzarako, birpopulaketarako, espezieak sartzeko, edo ekintza horietara bideratutako hazkuntza”. Baina emandako lizentzia-kopuru handia eta harrapatutakoaren kontrol-ezak Europako Batzordearen pazientzia agortu du, eta zehapen-espedientea ireki dio Espainiari, praktika horiekiko gehiegizko tolerantzia dela-eta. Egoera argia da: urtean batez beste 21.500 baimen ematen dira, 200.000 eta 600.000 hegazti basati harrapatzeko, baina inongo administraziok ez du inongo kontrolik egiten, beraz, atzemandako hegazti-kopurua milioira gertura daiteke.
  2. Ingurumen Agenteen Elkartearen salaketa bat dela medio, Andaluziako Juntaren Kudeaketako Zuzendari Nagusia prebarikazioa egotzi zitzaion 2014an, Europako Batzordeak onartzen dituen aparteko “kantitate txikiak” masibo bilakatu zirelako.
  3. Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek 9, artikuluaren salbuespen-araubidea baliogabetu egin zuten, eta hegaztiak atzematea debekatu.
  4. Gipuzkoako Foru Aldundiak hegazti horiek atzematea baimentzen zuen oraindik ere, baina EBren salaketaren eta Arartekoak egindako txosten baten aurrean, praktika horri babesa ematen zion araudia indargabetu zuen (569/16 Foru Araua, azaroaren 10ekoa, 2016-11-17ko GAOn argitaratua).
  5. Indarrean dagoen legeria, Europako Batzordearen zehapen-espedientea, Arartekoaren txostena eta abar aintzat hartuta, ulergaitza da Batzar Nagusiek praktika horiek debekatzen zituen araua baliogabetzea eta orain 2018ra arte baimentzea.

Ezjakintasun hutsa?

Talde ekologisten iritziz, jarrera honen atzean gaiarekiko ezjakintasuna (aitzakia eskasa da hori, eta ez die inolako justifikaziorik ematen ilegalitate bat egiteko) edota axolagabekeria egon litezke eta baita ehiztarien lobbyari atsegin emateko nahia ere. Zentzu horretan, Batzar Nagusiek neurri ‘ilegal’ hori indargabetu dezatela eskatzen dute, “ez bakarrik erabaki horrek diruzko ondorioak ekar ditzakeelako (EBak ezar litzakeen isunak), naturarentzat kaltegarria ere badelako baizik’, azaldu dute.

  • Twitter
  • Facebook