Zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekarri nahirik Grezian atxilotu dituzten aktibistekin bat egiten du Ekologistak Martxanek

Greziako poliziak Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga aktibistak atxilotu zituen bart Igoumenitsan, zortzi errefuxiaturekin Adriatikoa gurutzatu eta Euskal Herrira heldu nahian zeudela. 

Begoña eta Mikel ekintzaren ondorioen jakitun ziren. Bidaia hasi aurretik, bideo bat grabatu zuten, eta bertan argi utzi zuten desobedientzia zibileko ekintza bat gauzatuko zutela, elkartasunezkoa. Ekintzaren bitartez, Europar Batasunaren (EB) migrazio politika bidegabe eta ankerrak salatu nahi zituzten, jakin arren pertsonen trafikoa lepora ziezaieketela.

Ekologistak Martxanek azpimarratu nahi du ekintza horren helburua ez dela izan ez  pertsonen trafikoa, ez irabazi-asmoa, pertsonala nahiz kolektiboa. Haatik, giza eskubideekin eta justiziarekin konpromiso sendoa duten pertsona ugarirengandik etorri da ekintza horren finantziazioa eta babesa. Era berean, nabarmendu nahi du, Mikelek eta Begoñak egin duten bezala, desobedientzia zibileko ekintza bat dela, eta, beste ezeren gainetik, elkartasuna eta erakunde publikoen eta, oro har, gizartearen arreta eskatzen duela.

Gure ustez, atxiloketa hau errefuxiatuenganako elkartasuna kriminalizatzeko beste saialdi bat da; hala gertatu zitzaien itsasoan errefuxiatuak erreskatatzen hasi ziren lehenbiziko aktibistei. Salatu nahi dugu, halaber, Europako gobernuen krudelkeria: egoera jasangaitzetatik ihesi dabiltzan pertsonei Europan bizi-baldintza duinak eskuratzea debekatzen dietelako. Aldi berean, diruari ez diote edozein muga igarotzeko oztoporik jartzen. Areago, asilorik ez ematearen erantzule izateaz gain, ehunka mila lagun Asiako hego-mendebaldetik ihes egitera behartu dituen egoera honen erantzule ere bada, hainbaten artean. Izan ere, eskualdean bizi diren gatazken atzean politika neoliberalen inposaketa, klima-aldaketa, interes energetikoak edo geoestrategikoak daude. Hori guztiori dela-eta, Mikel eta Begoña berehala askatzea exijitzen du Ekologistak Martxanek.

Begoñak eta Mikelek aldarrikatzen duten bezala, Ekologistak Martxanek ere giza eskubideak ditu jarraibide, ez bidegabeko legeak. Beste gizarte-erakunde eta mugimendu askok bezala, zilegizko eta bidezko jotzen du desobedientzia zibilaren aldeko apustua, Europako politika  anker hauen aurrean.

Amaitzeko, Ekologistak Martxanek dei egiten die herritarrei, bat egin dezaten Begoñaren eta Mikelen askatasuna eskatzeko eta, oro har, bidezko eta elkartasunezko migrazio-politiken alde egingo diren mobilizazioekin.

 

  • Twitter
  • Facebook