Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan dauden eta ordaindu beharrekoak diren hiru errepideetan (AP-8, Artxandako tunelak eta “SuperSur” izenekoa, hain zuzen ere), gidari bizkaitarrek 30 euroko topea ordainduko dute, 2017ko urtarrilaren 1az geroztik.
Proposamena kontraesankorra da, auto pribatuaren erabilera areagotzen duen mugikortasun politika bat bultzatzen duelako, gehien erabiltzen duenak gutxiago ordainduko du eta. Autoaren erabiltzaileak ez du benetako kostua ordaintzen. Autoaren erabiltzaileek ez dituzte eurenganatzen haien desplazamenduek sortzen dituzten gizarte eta ingurune kostu ekonomikoak, eta ondorio larriak sortzen ditu horrek gainerako biztanleentzat: kutsatu egiten du eta gure ingurugiroan kalte handiak sortzen ditu. Autoaren erabilpenaren eredua kostuak kanporatzean oinarritzen da. CO2 isurketek populazio osoari egiten diete kalte (Europar Batasunaren ustez, 400.000 heriotz goiztiar daude horren ondorioz), eta istripuek eragindako gastuen zati handi bat osasun sistema publikoek hartzen dute euren gain.
Ekimenak martxan jarri behar dira garraio pribatuaren erabiltzaileek bidaien benetako kostuak beregana ditzaten, erabilera hori ez delako oinarrizkoa eta unibertsala. Autoaren erabilera ez da unibertsala, pertsona guztiek erabiltzen ez dutelako, eta, gainera ezinezkoa izango litzateke eta atzeraezina. Oinarrizko eskubidea mugikortasuna da, eta, kasu honetan ere, lehentasunak mailakatu beharko genituzke: oinezkoak, txirrindulariak, garraio publikoak eta, azkenik, garraio pribatua. Horrexegatik, ezin dugu inongo azpiegitura, eraikuntza edota mantenu modu ezkutuan diruz lagundu.
Garraio azpiegiturak aurrekontuen bidez ordaintzen ditugu, guztion artean, eta ez erabiltzaileek bakarrik. Bizkaiko Foru Aldundiak proposatzen duena da azpiegitura batzuk behin eta berriro ordaintzea. Artxandako tunelak diru publikoarekin egin ziren, gero esleitutako enpresei 62 milioi euroko indemnizazioa eman behar izan zitzaien, 30.000 auto eguneko pasatzen ez zirelako, eta orain, proposamen berriarekin, txartela diruz laguntzen ari gara, berriz ere. SuperSur izenekoaren erabilera ez da inondik ere heltzen aurreikusten zenaren % 50era. Lan erraldoi horren kostua 700 milioi eurokoa izan da, eta, orain, lana egin ondoren, berriz ere subentzionatu behar dugu diru publikoarekin, bidesari bono honen bidez.
Hiru azpiegitura horiek ordaintzeko bidesari bono honen proposamenaren aurrean, zera proposatzen dugu guk. Alde batetik, ordainketa mailakatzea, beteta doazen edo potentzia gutxi duten autoentzako deskontuak jarriz (potentzia gutxiko autoek gutxiago kutsatzen dute). Beste aldetik, ordainketa malguak, desplazamenduaren ordutegiaren arabera: garraio publikoa martxan dagoenean, autoaren erabilera zigortu egin behar da, eta, lan orduetatik aparte (22:00etatik 7:00etara bitartean), garraio publikoaren maiztasuna txikiagoa denean, autoaren erabileraren prezioa txikiagoa izan behar da.
Azkenik, errepide berriak eraikitzearen aurrean moratoria bat plazaratzen hasi beharko genuke, eta inbertsioak istripuak saihesteko mantentze lanetara baino ez dedikatu. Ez dago gaurko auto kopurua modu eraginkorrean antolatzeko biderik, eta mugikortasun jasangarria ziurtatzeko irtenbide bakarra auto pribatuen erabilera murriztea baino ez da.