Zabalgarbiren Ingurumen Zaintzarako Programako 2014ko Txostenaren eta PRTR Isurien Estatuko Erregistroko datuen arabera, erraustegiak 235.000 tona CO2 isuri zituen 2014an. Horrek esan nahi du CO2 isurtzen duten instalazio industrialen rankinean bosgarrena dela, Petronor findegiaren (Muskiz), Bahía de Bizkaia ziklo konbinatuko zentralaren (Abanto-Zierbena), Galindoko Ur Araztegiaren (Sestao) eta Cementos Rezola lantegiaren (Añorga) atzetik.
Deigarria da 223.340 tona hondakinen errausketak 235.000 tona berotegi-efektuko gas eragin izana, hau da, kg 1 CO2 baino gehiago errausturiko kg hondakin bakoitzeko. Benetan, isuriak handiagoak izan ziren, baina kontabilitate ofizialaren ondorioetarako, hondakinen zati biogenikoaren (jatorria landareetatik, egurretik eta abarretik eratorritako material organikoetan dituena) errausketak ez du berotegi-efektuko gasik (BEG) isurtzen. Kalkulatzen dugu benetako isuriak 375.011 tona CO2 direla, 217.671 tona hondakinen errausketatik eratorriak eta 157.340 tona erraustegiari atxikitako ziklo konbinatuko gas naturalaren erreketatik.
Zabalgarbin errausten diren hondakinen jatorria anitza da. Hiri-hondakin gordinen kasuan, Ezkerraldean, Txorierri eta Uribeko Mankomunitateetan eta Durangoko, Gernikako, Zallako eta Berriatuko transferentziarako plantetan eta abarretan jasotakoak dira. Hiri-hondakinekin pareka daitezkeenen kasuan, Mercabilbaon, Loiuko aireportuan, Gurutzetako ospitalean eta abarretan jasotakoak daude. Gainera, Zabalgarbira doaz hondakinen tratamendu-plantetatik (Bilboko hiri-hondakin solidoak tratatzen dituen eta Arraiz mendian dagoen Tratamentutegi Mekaniko Biologikotik, Santurtziko Garbigunetik eta abarretik) datozen errefusak. Zabalgarbin sartzen diren hondakinen guztirakoaren materia organiko edukia % 31,3koa da; gehiena etxez etxeko bilketatik dator, % 37ko edukiarekin, nahiz eta TMBko errefusen baitan materia organikoaren edukia % 45ekoa izan. Hain zuzen ere, zati bioegonkortuen helmuga errausketa da, landutako konpostak ezin duelako izan erabilerarik nekazaritzako ongarri moduan, ez baitator gaika bildutako hondakinetatik.
Isuri horien zati bat nabarmen murritz zitekeen modu orokortuan ezarri izan balitz materia organikoaren gaikako bilketa-sistema bat; materia organikoa konpostatu izan balitz kalitatezko konposta ekoizteko, nekazaritzako ongarri eta medeapen gisa baliatzearren; biztanleriak aktiboago parte hartu izan balu paper/kartoi, ontzi eta beiraren gaikako bilketan; eta gainerako hondakinak birziklatu eta berreskuratu izan balira. Nekazaritzako lurrei aplikaturiko konpostaren berotegi-efektuko gasen isurketa motela da, eta luzea denboran, eta azkenean karbonoaren zati bat behin betiko sartzen da lurretan. Hondakinen errausketan, aldiz, berotegi-efektuko errekuntza-gasak berehala sartzen dira atmosferan.
Planetaren berokuntza globala ekidite aldera, Euskal Herriko nahiz nazioarteko erakundeek CO2 isurketak murriztearen alde hartu behar duten konpromisoa ezin da gehiago atzeratu. Horren haritik, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategiaren bultzatzailea eta Parisen abenduan ospatzekoa den COP 21 Klimaren Munduko Goi Bileraren parte-hartzailea den aldetik, egoerak exijitzen dituen premiekin eta erronkekin kontsekuente izan dadin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak eta erakundeak premia ditzan, hondakinen esparruan isurketak egiazki murrizteko benetako planak betearazteko ahaleginak egin ditzaten.
Delako Parisko goi-bileran garrantzi handiko erabakiak eta konpromisoak hartuko dira, besteak beste, Kiotoko Protokoloa ordezkatuko duen isurketak murrizteko akordioa, eragin handia izango duena planetaren eta biziaren geroan.