Bizkaiko Lurralde Historikoan etxeko zabor-poltsako materia organikoa selektiboki bilduko da, hondakin gordinen eta kuzinatuen artean bereizi behar izan gabe. Ekologistak Martxanen iritziz, lehenengo urrats bat da hau, xumea, oraindik ere, baina, esan beharra dago, EBko Zuzentarauek behartua. Hala eta guztiz ere, neurri hau ezinbestekoa da Bizkaiko biztanleek eta erakundeek Bizkaia ingurumenarekin eta hondakinen kudeaketa sostengarriarekin engaiatuta dagoen lurralde bilaka dezaten.
Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako 2010-2016ko Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren konpromisoen arabera, 2016rako materia organikoaren % 4,5ren bilketa selektiboa egin behar da. Gaur egun, Bizkaia ez da etxean sortutako zaborraren materia organikoaren % 0,6 selektiboki biltzera ere iristen, beraz, Bizkaiak ezingo du konpromisoa bete, ustekabean jauzi erraldoi bat egin ezean.
Ekologistak Martxan Bizkaiak urteak daramatza erakundeekin borrokan, zabor-poltsako materia organikoa selektiboki bil dadin. “Materia organiko horrekin konposta egin daiteke (ongarri organikoa) eta hondakin toxikoak ekoiztea ekidin, hori baita Zabalgarbin zaborra erre eta gero geratzen dena: 48187 tona zepa eta errauts toxiko urteko”, Ekologistak Martxanen Hondakin Batzordeko Bobi Galdósen esanetan.
“Zinegotzien eta teknikarien jomugak epe laburrekoak dira, eta horrek atzeratu egin du, eta, areago, oztopatu, auzi horretan neurri praktikoak abiarazteko erabakiak hartzea”. Horren erakusgarri, Ekologistak Martxanek Bizkaiko hainbat udalerritan (20 baino gehiagotan, Bilbo barne, urrats gutxien eman duen udalerria, hain zuzen ere) urterik urte aurkeztutako mozioak onartzeari uko egin izana.
Horregatik guztiagatik, Bizkaiko Foru Aldundiak 5. edukiontzian (edukiontzi marroian) materia organiko gordin nahiz kuzinatuak bereizi gabe onartzeko hartu duen erabakia onetsi egiten du Ekologistak Martxanek.
Hala ere, Ekologistak Martxanen iritziz, neurri hori ez da nahikoa, oraindik ere, materia organikoaren % 60-70 selektiboki bildu nahi bada: “zeharo lotsagarria da onargarria iruditzea materia organikoaren bilketa selektiboa auzo batzuetako esperientzia pilotuetan bakarrik egitea (Deustun, Pozokoetxen eta abar)”. Beharrezkoa da Jatorrian Materia Organikoaren Bilketa Selektiboa udalerri bakoitzaren herritar guztiengana helaraztea eta biztanleak inplikatzea. Izan ere, herritarrek oso erantzun positiboa izan ohi dute ekimen hauen aurrean, Basauriko, Deustuko, Igorreko, Larrabetzuko eta Berrizko esperientziek erakusten dutenez.