Duela 35 urte poliziak Gladys del Estal erail zuen Tuteran (Nafarroa), nuklearraren aurkako manifestazio batean. 35 urte eta gero nuklearraren amaiera aldarrikatzen jarraitzen dugu: Garoña itxi orain! Nuklearrik EZ!
Nuklearraren aurkako arrazoien 60 urte
Iberdrolaren (eta Endesa) zentralak ixtea eskatzen dute: Ascó eta Vandellós
Ekologistak Martxanek gaitzetsi egiten du Endesak (bai eta Iberdrolak ere, Garoña zentralaren jabeak baitira biak) Garoñako zentrala irekita mantentzeko egingo duen eskaerari buruz egin berri duen iragarpena. Gobernuak Garoñarentzat bereziki bultzatutako erreforma dela-eta, zentrala martxan jarriko litzateke, eta, hartara, ziurgabetasuna luzatuko litzateke. Garoñak behar duen 150 milioi euroko (!!) inbertsioak ez luke zaharkiturik eta pitzaduraz beterik dagoen zentralaren segurtasuna bermatuko. Inguruak etengabeko mehatxupean jarraituko luke, bai eta kili-kolo dauden lanpostuak eta inguruko biztanleria ere.
Dena den, konponketek ez diote ziurgabetasunari aurre egingo, horren zaharra den zentral batean. Matxura berriek zentrala geldiaraztea eragin lezakete, edota istripu bat, ihes erradioaktiboa barne. Fukushimako istripuak argi utzi zuen energia nuklearrarekin jolastea oso arriskua dela (Fukushimako lehendabiziko erreaktorea Garoñakoa bezalakoa da).
Erokeria da halako inbertsioa egitea, halaber, ziurgabetasun politikoa ikusita. 2015eko hauteskunde orokorretan gobernu-aldaketa egotekotan, zilegi da zentralari jarduteko baimena kentzea, konponketak egiteko milioiak gastatu ondoren. Oraingoz, egungo gobernu zentrala irekitzeko erraztasunak ematen ari da eta Endesaren eta Iberdrolaren aurrean (Nuclenorren jabeak) amore ematen. Instalazio Nuklear eta Erradiaktiboen Araudiak (RINR), Garoñaren neurrira egindako araudia, izan ere, zentral nuklearraren luzapena eskatzeko urtebete ematen du itxi zenetik, eta, horregatik, datorren Nuclenorrek uztailaren 6ra arteko epea dauka eskaria egiteko. Araudi berriak hondakin nuklearraretarako zerga ere kendu du. Elektrizitate-sistemaren erreformarako negoziaketak egon omen dira Garoñak jarraitzeko gorabeheren atzean.
Ekologistak Martxan erakundeak Garoñari jarraitzeko baimenik ez ematea eskatzen du eta zentrala behin betiko itxi dezatela. Ez da bidezkoa inguruko eskualdeetako biztanleriari eta langileei ziurgabetasun izugarri hori berriro ere inposatzea. Konponketetarako inbertsio erraldoiak eskualdean jasangarritasuna sortzeko eta energia garbi eta segurua sustatzeko erabili behar dira, ez arrisku nabarmenak dakartzan eta etorkizunik ez daukan energia eredu bat luzatzeko edo diru-laguntzekin hain garestia eta arriskutsua den energia sustatzeko.
Horregatik guztiagatik: GAROÑA ITXI BEHINGOZ!!!
Iritzi artikuloa: “Doctrina del electro-shock”
Gladys del Estal Ferreño(Venezuela, 1956 – Tutera, Nafarroa Garaia, 1979ko ekainaren 3a) donostiar ekintzaile ekologista bat izan zen, Guardia Zibilaren kide batek tiroz erail zuena Tuteran egiten ari zen protesta antinuklear bat erriprimitzean. Mugimendu antinuklearraren sinboloa da Euskal Herrian.
1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak Gladys bertatik bertara tiro eginda erail zuen, Nafarroa Garaiko Tutera hirian. Bardeetako tiro eremuaren aurka, energia nuklearraren aurka eta Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza geldiaraztearren eginiko ekitaldi batean parte hartzen ari zen Gladys. Lekukoek diotenez, José Martínez Salasek «tía buena» (euskaraz, neska katxarroa) esan zion Gladysi, Gladysek «hijo de puta» (euskaraz, putakume) ihardetsi eta orduan Martínez Salasek bere armaren kulatarekin jo zuen; Gladys lurrera erori zen, eta, altxatzen ari zela, Martínez Salasek tiro egin zion buruan. Tiroa garondotik sartu eta sudurretik atera zitzaion. Gladys ospitalera eraman zuten, larri zaurituta, eta laster hil zen.
Ondorioak
Euskal Herriko gizarteak hainbat egunez herri mobilizazio handiak eginez erantzun zuen, horien artean Hego Euskal Herrian deitutako greba orokor bat, ezker abertzaleko alderdiek, Espainiako Alderdi Komunista eta PSOEk deituta.Donostian egindako manifestazioan, orduko Donostiako alkatea zen Jesus Maria Alkain egon zen manifestazioaren buruan.
Gladys erail zuen guardia zibila, José Martínez Salas, 1981eko abenduaren 14an epaitu zuten Iruñean; epaia izan zen Martínez Salasek «arduragabekeriaz» jokatu zuela, eta hemezortzi hilabeteko espetxealdira kondenatu zuten. Espetxealdi hori ez zuen osorik bete, eta zigor arin horrek protesta mobilizazioak eragin zituen berriro. 1992 urtean Martínez Salas guardia zibilak Espainiako meritu militarraren domina jaso zuen.
Euskal herritarren alaba eta Euskal Herrian hezi eta hazia zen arren, Gladys «venezuelar» gisa agertu zuten Espainiako hedabideetan.[6] Hedabide horiek «ezin zurituzkoa zuritzen» saiatu ziren, eta venezuelar jatorri hori baliatu nahi izan zuten atzerritik protesta horretan parte hartzera berariaz etorritako aktibista bat zela pentsarazteko. Pedro J. Ramírezek «ETA konglomeratua» delako bati leporatu zizkion Tuterako gertaerak.