Basoa izan zena baso bihurtzen

 (Berrirako, Ainhoa Larrabe Arnaizek Ekologistak Martxaneko Baso Ingurumen Batzordeko kidea den Oskar Quintelari egindako elkarrizketa eta idazkia. Argazki Presseko Jon Hernaezen argazkiak)

Inguruan dituen mendi eta basoei lotuta dago Bilbo, eta horietatik hornitu da hiriburua historian. Haietatik jaso ditu, hain zuzen, elikagaiak, egurra, ikatza eta baita burdina ere. Baina hornitze horrek, besteak beste, haien desagerpenean eragin zuzena izan zuen. Azken urteetan, horien leheneratze lanetan aritu da Bilboko Udala. Gune berdeen aldeko lan horregatik, Europako Baso Institutuak baso hiri titulua eman dio Bilbori.

Industria izan da Bilboko basoak hondatzearen arrazoi nagusia. XV. eta XVII. mende bitartean, burdingintza eta ontzigintza industriaren garapenak oinarrizko materiala behar zuen: egurra. Horretarako, Bilbo inguruetako haritzak, pagoak, lizarrak eta arteen basoak erabili ziren. Pagasarri mendiak nabaritu zuen gehien ustiaketa hori. Bilbo hiriaren muga definitzen duen mendia da Pagasarri. Eta izenak etimologikoki duen berezko erroa, pagoa, desagertzeraino ustiatu zuten mende horietan.

Baina okerrera egin zuten Bilbo inguruetako berdeguneek hurrengo mendeetan. XVIII. eta XIX. mendeetan, haritzen eta gaztainondoen gaixotasuna hedatu zen. Horrez gain, karlistadetako gerren ondorioz, pilaka moztu eta erre ziren zuhaitzak. Industria Iraultzarekin etorri zitzaion azken kolpea Bilboko inguru berdeari; industria garapenarekin batera, goitik behera eraldatu baitzen hiria. Hara joandako langileen auzoak eraiki ziren nonahi, eta, berdeguneak baino gehiago, lantegiak izan ziren hiriburuko ezaugarri nagusiak. Mendi zein basoek lantegi eta eraikuntzei leku eman zieten hiriburuan. Horiek hornitzeko behar zituzten baliabide naturalak inguruko mendi eremuetatik jaso zituzten.

 bolintxu
Hiria eraldatzea helburu

Bilboko Udala XX. mendean hasi zen hiriburua garbitzeko neurriak hartzen. Lehentasunen artean jarri zuen itsasadarra garbitzea eta basoak zein mendiak leheneratzea, eta horretan aritu da azken urteetan. Bilbo inguratzen duen alderdia biziberritzeko egitasmoa abiatu zuen, eta hari uztai berdea izena eman zion. Helburua: hiria inguratzen duten baso zein parkeak multzokatu, handitu eta herritarrengana hurbiltzea. Horregatik jaso du Bilbok Europako 2014ko Baso Hiria titulua.

Saria ematean kontuan hartu dute hiri inguruko baso eta landaketak hiriguneko parte bihurtu direla. Hala adierazi zuen, bederen, udalak. Hartutako neurrien artean daude eraiki dituzten jolasguneak, tokiko zuhaitzen landaketak, Ibilbide Luzearen (GR) homologazioa eta sortu diren hondartza berdeak.

Udalak zabaldutako datuen arabera, basoak leheneratzeko, 37.851 zuhaitz landatu dira 2007tik 2012ra bitarte. Azpimarratu du tokiko espezieak landatu direla. Horien artean: intxaurrondoak, haritzak, astigarrak, urkiak, lizarrak eta ezkiak. Horrez gain, aisialdirako hemezortzi gune egin dituzte: «Gaur egun, 1.340.000 metro koadro daude haurrentzako jolas, iturri, mahai, erretegi eta bestelakoekin. 2006an, 27 hektarea genituen, eta orain, berriz, 134». Artxanda, Iturritxualde, Arnotegi, Pagasarri eta Arraitz mendiguneen inguruetan daude horiek guztiak.

Hondartza berdeak izeneko guneak ere sortu dituzte: eguzkia hartu eta dutxatzeko aukera ematen duten guneak dira. San Antonio hiri parkearen, Errekalde-Larraskituren eta Iturrigorri-Peñascal auzoen artean daude. Jolasguneak eta hondartza berdeak 74 kilometroko pasealeku baten bidez elkartu dituzte. Eta ibilbide hori onartu eta homologatu berri du Espainiako Mendi Kiroletako eta Eskaladako Federazioak. Bilboko Ibilbide Luzea, GR 228 izendapena hartu du bideak.

«Ahalegin handiak egin dira Bilbon gune naturalak leheneratzeko. Industrialdea izan da historikoki, eta, GR ibilbidearekin, hiriburua eta inguruko basoguneak elkar lotzen dira», adierazi du Joseba Elorrietak, Bizkaiko Mendi Federazioko bidezidor kiroleko teknikariak. Azpimarratu du kasu bitxia dela Bilbokoa, horrelako ibilbideak nekazaritza guneetara lotuta egon ohi direlako: «Oso ona da horrelako egitasmoak egitea, hiri ingurune batean gune berdeak leheneratu eta ezagutzeko». Ibilbide zirkular horren osagarri, Bilbo erdialdeko auzoak horrekin lotzeko sarea antolatu dute. Eta, bidea markatzeko, lauza berdeak jarri dituzte hiri zentrotik. Bilbo bera ez baita grisa soilik, baita berdea ere.

«Baso hiri titulua marketinerako proiektu gisa ikusten dugu»
Azken urteetan Bilboko Udalak hartutako neurriek ez dute bermatzen basoak leheneratzea, Quintelaren arabera; uste du landa eremuak jolasgune bihurtu baino ez duela egin.A.L.A BilboEkologistak Martxan kolektiboak Bizkaian duen gune naturaletako saileko kidea da Oskar Quintela (Bilbo, 1973). Ez dator bat Bilboko Udalak hiriguneko gune berdeak zein basoak leheneratzeko politikekin, uste baitu ekosistema leheneratzen lan egin baino gehiago aisialdirako parkeak sortzeko inbertsioak egiten dituztela.

Nola ikusten dituzu Bilboko Udalak eraztun berdea leheneratzeko hartutako neurriak?

Era ezberdinetan uler liteke Bilboko eraztun berdearen kontzeptua: udalak hirigunea eta inguruko berdeguneak elkar lotzeko eta bisitatzeko erabiltzen du kontzeptua; Ekologistak Martxan kolektibokoek ez dugu berdin ikusten. Eraztun berdeak mendi ingurua herritarrei hurbiltzeko baino gehiagorako balio beharko luke. Ekosistema leheneratzea eta mantentzea da bioaniztasunari eusteko gakoa.

Udalak dio lan handia egin duela horretan…

Berdeguneei lorategi itxura ematea da Bilboko Udalak egiten duena. Zuhaitzak landatzen ditu, ilaran, landaketa soila balitz bezala, eta, mantentzea bermatzeko, basoak garbitzen ditu etengabe. Eta, horrela, inguruko ekosistema desagerrarazi egiten da. Gainera, landatzen dituzten zuhaitz motak ez dira egokiak izaten askotan: ez dute bermatzen hazia bertakoa edo inguruko lurretakoa dela. Irizpide horiekin, ez da ekosistema leheneratzen edo mantentzen.

Zeintzuk dira, zuentzat, erabili beharreko irizpideak?

Baso bat leheneratu nahi bada, ahalik eta esku hartze gutxiena egitea da gakoa. Mendiari hedatzen utzi behar zaio, libre. Etengabe baso garbiketak egiten baldin badira, basoak hedatzeko beharrezko dituen baldintzak ezabatzen dira.

Natura eta aisia erabat lotzen dira eraztun berdearen inguruan.

Gune berdeak jolasgune gisa ikusten ditu udalak. Mendiak zein basoak aisialdirako izan daitezke, baina ezin dira horretara mugatu. Mendi inguruak parke bihurtzen ari dira; hondartza berdeak dira horren adibide. Askotan goraipatzen dute Arraitz mendian dagoen hondartza berdea. Baina, hori egiteko, mendia bera eraldatu zuten: lautu eta zuhaixka guztiak kendu zituzten gune berde bat deritzona eraikitzeko. Mendiaren forma guztiz aldatu zuten. Eta, gainera, leku horretarako egokiak ez ziren espezieak landatu zituzten: tokiko izenak dituzten arren, hazien ingurua bertakoa zela ziurtatu ez zutelako.

Bolintxu inguruen arriskua salatu duzue Ekologistak Martxan-ekoek sarri.

Bolintxu altxor gisa erakusten du Bilboko Udalak. Bakarrik basoberritu den bakarretakoa da Bolintxukoa. Zuhaitz zahar zein berriak mantendu dira han, eta oso ondo, gainera. Baina arriskuan dago, Supersur errepidearen eraikuntzaren bigarren faseagatik. Erditik pasatuko litzateke, eta horrek kalte handia egingo lioke ekosistemari eta basoari berari.oskar

Eraikita dagoen Bilbo hegoaldeko saihesbidearen zatiarekin, zer kaltetu da?

Supersurra eraikitzeko lanen lehen fasean, horren ondo kontserbatuak ez dauden guneei kalte egin zitzaien. Pagasarriko magal batean, adibidez, izugarrizko kaltea eragin zuen: landaredia eta mendiaren forma aldatu zen. Horrek eragin handia izan du ekosisteman. Espezie inbaditzaileak hedatu dira, eraikuntza lanetako lur mugimenduen ondorioz: panpa, adibidez, asko hedatu da. Orain, zuhaixkak landatu dituztela adierazten dute. Baina beti ez dira bertakoak, ezta egokiak ere. Argi izan behar da arbola guztiak ez direla egokiak edozein ingurunetan, tokikoak izanda ere. Jakin behar da nola eta zer landatzen den, eta ondorengo mantentzean ere arreta jarri behar da.

Milaka arbola landatu ditu udalak 2006tik hona. Ez da neurri egokia?

Zuhaitzak ez du basoa egiten. Hori da, gure ustez, argi izan beharreko lehen gauza; hau da, basoa ez da zuhaitzen multzo soila. Ekosistema konplexua da: arbolak, zuhaixkak edo belarrak izan behar ditu, adin, tamaina eta espezie ezberdinetakoak. Eta ekosistema horren parte dira bertan bizi diren izaki bizidunak ere. Ezin dira landatu eskualdean naturalki haziko ez ziren zuhaitz motak eta, gainera, horien ingurunea etengabe garbitzen aritu. Era horretan, ez diozu uzten mendiari prozesu naturalari jarrai diezaion. Eta teknika hori erabiltzen du Bilboko Udalak.

Bilboko Ibilbide Luzea (GR) homologatu dute. Nola ikusten duzue?

GRa kirol eta aisialdi esparruetara bideratuta dago; ez da lotzen ingurumen ikuspegiarekin. Gauza askotarako ona da ibilbide hori egotea, baina iruditzen zaigu proiektuari naturaren esparrua falta zaiola. Gehiegi inbertitzen da produktua bera saltzen: GRa bera edota hirigunetik hori erakusteko baldosa bereziak jartzen, adibidez. Gehiago inbertitu beharko litzateke ekosistema bera leheneratzeko neurrietan.

Baso hiri titulua eman berri diote orain Bilbori. Zer iruditu zaizue?

Orain eman dioten baso hiri titulua marketinerako proiektu gisa ikusten dugu guk: jendea erakartzeko Bilbok duen beste titulu bat. Hori eman izanaren helburuak ez dira argi ageri, gainera. Baina argi dugu Bilbok ez lukeela titulu hori jaso behar ekosistemari eustea balitz hori eman izanaren helburua, esandako arrazoi guztiengatik.

Basogintzarekin lotuta dagoen artikuloa:

  • Twitter
  • Facebook