140 eragilek Elikadura burujabetzan oinarritutako politikak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari

Kontuan hartuta Nafarroan nekazaritza sektorea –bereziki txikiena eta iraunkorrena– desagertzeko bide kezkagarrian dagoela, gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen ari dela, errentagarritasun falta dutela, eta nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa areagotzen ari direla, Nafarroako ekoizleen hainbat elkartek, hala nola Belardi, Habelarte, Plazara!, Etxalde, Bizilur Nafarroa, Hazialdeko edo Ekoalde, ELA edo LAB sindikatuak, Landare bezalako kontsumitzaile elkartek, ingurumen erakundek, ekologistek, lurraldearen aldekoek, hainbat udal eta kontzejuk Nafarroan elikadura burujabetzaren aldeko Manifestua sinatu dute.

Horrela, mobilizazio testuinguru honetan, Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren ordezkari den batzorde bat Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari José María Ayerdirekin bildu da, Manifestua emateko eta aldarrikapen nagusiak azaltzeko.

Manifestuaren helburua Nafarroan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren desintentsifikazioa sustatzeko proposamenak egitea da. Horretarako, eskala txiki-ertaineko eredu jasangarri, dibertsifikatu eta agroekologiko baterako trantsizioa sustatzea planteatzen da, lehentasunez tokiko merkaturatze eta kontsumora bideratua, ekoizleentzako eta kontsumitzaileentzako bidezko prezioak izango dituena; kutsadura eta plagizidak murriztu eta larrialdi klimatikoari aurre egiten lagunduko duena; ekoizle txikiei lagunduko diena; burokrazia arinduko duena eta familiako nekazaritza-sektorearen eta landa-munduaren desagerpena geldiaraziko duena.

Manifestuan jasotako egungo elikadura-sistema eraldatzeko 60 proposamen/aldarrikapen baino gehiagoren artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Abeltzaintza industrialari berehala moratoria bat ezartzea: ez ustiategi berririk, ez egun daudenak handitzerik, eta abeltzaintza ekoizpen intentsiboa pixkanaka murriztea, 2030ean egungoa baino % 50 txikiagoa izatera iritsi arte.

  • Hemendik 2030era bitartean, pestiziden, ongarri kimikoen eta antibiotikoen erabilera % 50 murriztea, Europako Etxaldetik Mahaira Estrategiak ezartzen duena betez, eta pixkanaka ekoizpen ekologikora aldatzea lurraren % 25era iritsi arte, betiere eskala txikiko ekoizpenak eta Nafarroako biztanleen kontsumorako direnak lehenetsiz.

  • Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza, ustiategi industrialak desintentsifikatzeko, betiere nekazaritza eta abeltzaintza agroekologiko baterantz trantsizioa eginez, eta hau lagunduko duen aurrekontu eraginkor bat finkatzea, NPBko diru laguntzak helburu horrekin berrantolatuz.

  • Ur-aztarna txikia duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ereduak babestea eta sustatzea, hala nola lehorreko eredu tradizionalak edo abeltzaintza estentsiboa, ureztatze irrazionala geldiaraziz.

  • Higiene- eta osasun-araudia eskala txikiko ekoizpenetara egokitzea.

  • Tokiko ekoizpenen erosketa publikoa (eskolak, ospitaleak…), batez ere txikiak, familiarrak, irizpide ekologiko eta sozialen arabera egina.

Manifestua bi urteko parte-hartze prozesu bateratu eta eraikitzaile baten emaitza da, eta nekazaritza- eta elikadura-politiken funtsezko proposamenak biltzen ditu, bereziki administrazio publikoei zuzenduak, bai Nafarroa mailan, baita maila lokalean ere. Abiapuntua Elikadura burujabetzaren Erradiografia bat egitea izan zen. Erradiografia horretan, beste adierazle batzuen artean, Nafarroako baliabide naturalen (adibidez, lurzorua), laboreen, abeltzaintzaren edo ekoizleen desagerpenaren bilakaera edo galera aztertu zen.

Errentagarritasun faltak nekazaritzaren sektorean mobilizazio handiak eragin ditu, eta, horien aurrean, aspalditik ari gara salatzen herrialde guztietan gertatzen ari dena: egoera hori azken hamarkadetan mundu osoan aplikatutako politika neoliberalen, merkataritza askearen eta globalizazio ekonomikoaren ondorio dela. Horietan dago gakoa eta erantzukizuna, horiek dira tokiko biztanleentzako elikagaiak ekoizteari utzi eta agronegozioak kontrolatutako merkatu global espekulatibora bideratutako salgaiak ekoiztearen erantzuleak; horien ondorioz, nekazariak mundu osoan etengabe desagertzen ari dira, eta bizitza (eta lurrari lotutako nekazaritza) ahalbidetzen duten baliabide naturalak suntsitzen ari dira, hemen zein planeta osoan.

Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da nekazaritza eta elikadura politiken norabidea aldatzea eta elikadura burujabetzan oinarritutako eredu baten aldeko apustua egitea eta tokiko nekazaritza eta elikadura sistema justuak eta iraunkorrak sortzen indarra jartzea, egun bizi dugun nekazaritza, landa eremu, gizarte, ingurumen eta larrialdi krisiari aurre eginen diona eta bizitza erdigunean jarriko duena. Politika hauek norabide bereko merkataritza politikez lagunduak izan behar dute, merkataritza askeko negoziazio denak geldituz (Mercosur, Zeelanda Berriarekin ituna, e.a.) eta merkatuak erregulatuz, nekazariek ekoizpen prezio justuak izan ditzaten eta ekoizpen kostuen azpitik saltzea debeka dezaten.

Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da landa eremua eta hiriaren arteko aliantzak eraikitzea, lehen sektorea eta kontsumitzaileen artean eta orohar gizarte osoaren artean, hain beharrezkoa dugun trantsizio agroekologikoa egiteko. Izan ere, elikaduraz hitz egiten ari gara eta honek herritar guztiak interpelatzen gaitu.

2024ko otsailaren 8a.

Nafarroako elikadura burujabetzaren aldeko Mugimendua.

  • Twitter
  • Facebook