Ekologistak Martxan-ek lurzoruaren babesari buruzko IHOBEren SOILUZIOAK kongresuan parte hartu du

Urriaren 10ean eta 11n, Lurzoruaren Babesari buruzko kongresua egin da, IHOBE Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta Sprilur Euskadiko Lurzoru Industriala Kudeatzeko Sozietate Publikoak antolatuta. Bi egunez, 300 adituk baino gehiagok esperientziak eta proposamenak partekatu dituzte lurzoruaren babes integralerako estrategietan aurrera egiteko.

Javier Vázquez eta Carlos Alonso Barakaldoko Ekologistak Martxan taldeko kideek “Hutsik dauden lurzoruak berrerabiltzea. Arrakasta-tresnak” izeneko mahai-inguruan hartu dute parte. “Naturaren berreskurapena eta lurraldearen kontserbazioa” hitzaldiarekin, ekologistek nabarmendu dute “orain arte lurzoruak garbitzeko egin diren eragiketa handiek inbertsio eta espekulazio ekonomikoa helburu dutela naturguneetan kokatutako lurzoruekin“. Eragiketa horiek, azpimarratu dute, “kutsatutako lurzoruak beste lurzoru birjin batzuetan garraiatu, isuri eta gordetzera mugatzen dira, nahiz eta kontrol- eta segurtasun-baldintza hobeetan biltegiratu“.

 

Ekologisten ustez, “deigarria da kutsatutako lurzoruak dituzten eremuak merkataritza-gune bihurtu izana (Max Center eta Megaparak Barakaldon edo Artea Leioan), biodibertsitatearen babesa kontuan hartuta berreskuratu beharrean, eta, are gehiago, kostaldeei buruzko legea urratu izana zenbait kasutan“. Amaitutako proiektuez gain, etorkizun hurbilerako beste proiektu batzuez ohartarazi nahi izan dute, hala nola Artxandan zabortegi berri bat eraikitzeko proiektuaz eta Biosfera Erreserbaren erdian Guggenheim 2 museoa eraikitzeaz.

Etorkizunari begira mezu positibo bat gehitu nahi izan dute, izan ere, “kutsatutako lurzoruak garbitzea aukera gisa ikusi behar da, baina ez soilik aukera ekonomiko gisa; natura berreskuratzea aukera eta arrakasta ere bada“.

  • Twitter
  • Facebook