[Manifestua] Plagiziden izurria

Nekazaritzako ekoizpena da kutsadura lausoaren iturri nagusia, batez ere plagizideena. Horren froga da munduko labore-lurren ia bi heren plagizidek kutsatzeko arriskuan daudela, osagai aktibo batek baino gehiagok eraginda, eta horien heren bat inguru arrisku handian daudela (Tang et al., 2021).

Egoera horrek ondorio larriak ditu giza osasunean; izan ere, pestizidak diabetesa, ugalketa- eta arnasketa-nahasmenduak, disfuntzio neurologikoak eta minbizia izateko arrisku handiagoarekin lotuta daude (Rani et al., 2021). Ebidentzia horiek gorabehera, egungo legediak ez du lortzen plagizida sintetikoen arriskuetatik babestea, ez gizakiak, ez ingurumena.

Araudiak hutsuneak ditu estalduran, aplikazioan eta betetzean, eta, beraz, ez da lortzen arreta-printzipioa eraginkortasunez aplikatzea, ezta jardunbide txar asko modu esanguratsuan aldatzea ere (NBE, 2017).

Hori dela eta, Europako Itun Berdeak (EEP) eta, zehazkiago, 2030erako Baserritik Mahairako Estrategiak eta Biodibertsitatekoak proposatzen du plagizida sintetikoen erabilera eta arriskua % 50 murriztea, bai eta arriskutsuenak diren 1 horien erabilera % 50 murriztea ere.

Gainera, ekoizpen ekologikoa bultzatu eta naturarentzako lekua berreskuratu nahi du nekazaritza-eremuetan, elikagaien ekoizpenaren bermatzaile gisa (Dainese et al., 2019; Garibaldi et al., 2020).

Helburu lotesle hori lortzeko, plagiziden erabilera iraunkorrari buruzko erregelamendu-proposamen bat negoziatzen ari dira Europar Batasunean.

Hala ere, Erregelamendu horri boikota egiten ari zaizkio zenbait alderdi politiko eta nekazaritzako eta industriako sektore, pertsonentzat eta planetarentzat osasuntsuak diren elikadura-sistema jasangarrietarako beharrezko trantsizio agroekologikoa oztopatzeko interesa baitute.

Europar Batasuneko estatu kide guztientzako arau lotesle baten alde egiteko unea eta, areago, plagiziden erabilerari eta inpaktuari buruzko estatu-politika handinahia ezartzekoa, ORAIN da.

Manifestua hemen irakur dezakezu.

  • Twitter
  • Facebook