Arabako Ingurumen diputatu berria ikertzen ari dira, prebarikazioagatik, Ecologistas en Acción taldeak salaketa jarri ostean

  • Arabako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu berria, Amaia Barredo, eta Ingurumenaren Kalitatearen zuzendaria, Javier Agirre, salatu egin zituzten Ecologistas en Acción taldeak eta “Larramendiko Arnasa” plataformak, Valogreene Paper BCren proiektua baimentzeagatik, nahiz eta Bergarako Udalak hirigintzako bateragarritasun-ziurtagiri negatiboa onartu
  • Fiskaltzak IBIren emakidari buruzko jardueran prebarikazio-zantzuak ikusten zituela jakin ondoren, ikertutako goi-kargudunen izenak argitaratu dira gaur.
  • Valogreene Paper proiektuarekiko Eusko Jaurlaritzaren jarrera ez dela neutrala izan salatu dute

Gaur, uztailak 5, Valogreene Paper kasuan ikertutako Eusko Jaurlaritzako arduradunak nor diren jakinarazi da, Bergaran paper-hondakinak balorizatzeko planta bat egiteko proiektuarekin lotuta. Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, atzo kargua utzi eta Arabako Ingurumen diputatu bihurtu zen, eta Javier Agirre, Ingurumenaren Kalitatearen zuzendaria, karguan jarraitzen duena, dira prebarikazioagatik salatutako bi kargu publikoak.

Duela egun batzuk, Fiskaltzak, hasierako ikerketa baten ondoren, Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun baten kudeaketan prebarikazio administratiboaren delitu baten zantzuak aurkitu zituela jakin zen. Prebarikazio administratiboaren delituak ez dakar espetxe-zigorrik, baina bai kargu publikoa betetzeko desgaikuntza-zigorrik. Delitu hori honetan datza: “erabaki bat hartzean edo bidegabeko ebazpen bat ematean, bidegabekeriaz jabetuta”.

Salaketa 2022ko apirilean jarri zuen Ecologistas en Acción taldeak (Ekologistak Martxan osatzen duen konfederazioa), proiektu horren aurkako “Larramendiko Arnasa” Plataformako bizilagunekin batera, paper-fabriketako hondakinak balorizatzeko planta bat sortzeko baimena emateagatik; zehazki, eta eskaeraren arabera, “industriarako karga mineralak ekologikoki ekoizteko” planta bat sortzeko baimena emateagatik. Valogreene Paper BC, SL enpresak (jatorrizko enpresa: Greene Waste To Energy, SL) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari Ingurumeneko Baimen Bateratua (IBB) ematea eskatu zion 2021eko abuztuan, “kareharrizko materiala ekoizteko” jarduerarako, Bergarako udalerrian (Gipuzkoa), Larramendi industrialdean. Horretarako, hasierako proiektu bat aurkeztu zuen. Hala ere, jendaurrean jarritako dokumentazioan, salaketan jasotzen denez, “2021eko ekaineko eskaeran deklaratutakoaz bestelako jarduera bati erreferentzia egiten dion proiektu bat aurkeztu da”. Zehazki, 155.060 tona lohi eta hondakin erraustea planteatzen da Euskadiko paperaren eta paper-orearen zazpi fabriketan.

Funtsezko aldaketa horren aurrean, Bergarako Udalak hirigintza-bateragarritasunari buruzko txosten negatiboa aurkeztu zuen. Hala ere, “2022ko apirilaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredo Martínek […] administrazio-egintza bakarrean erabaki zuen ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena ematea, proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egiteko, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena Valogreene Paper BC SL enpresari ematea, Bergarako (Gipuzkoa) udalerrian ‘kareharrizko materiala ekoizteko’ jarduerarako “, salaketan jasota dagoenez.

Salatzaileek 2023ko otsailean zabaldu zuten salaketa, eta honako hau adierazi zuten: “Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper proiektuarekiko izan duen jarrera ez da neutrala izan; aitzitik, ekimen horri emandako laguntza osoa izan da, hainbat frontetan: laguntzak eta dirulaguntzak, eta erakundeen eta komunikazioaren babesa”.

Gainera, Ecologistas en Acción taldeak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du Valogreene Paper BC SL enpresari emandako baimenaren aurka. Baimen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian izapidetzen ari da, 945/2023 prozeduran.

  • Twitter
  • Facebook