Basauriko udalak “bandera marroia” saria jaso du

Sagarrak talde ekologistak atzo, ingurumenaren munduko eguna, materia organikoa berreskuratzeko kudeaketa txarragatik ” bandera marroia” saria eman diola Basauriko Udalari plazaratu zuen.

Edukiontzi marroia, elikagaien hondakinetarako ontzia, gure herriko auzo guztietara iritsi zen 2018an. Erabiltzeko, izena eman behar zen eta familia bakoitzak irekitzeko giltza bat jasotzen zuen. Horrek bertan utzitako hondakina zuzena zela bermatzen zuen. 2021eko ekainean giltzazko irekiera kendu zuten irekitze digitala ezartzeko. Bi urte geroago, edukiontziak irekita egoten dira, edozein motatako hondakinak jasotzeko arriskupean.

Edukiontzi horietan, 2022an, 471 tona hondakin bildu dira. aurreko urteetako batez bestekoa baino 171 tona gehiago. Partaidetzaren gorakadak, 42 familia gehiago, ez du justifikatzen bildutako kopuruen igoera izugarria. Azalpen posible bakarra da irekita daudenez mota guztietako hondakinak bildu dituztela.

Irekiera digitalerako aldaketa hilabete pare batean egin behar zen. Bi urte igaro dira! Auzo-elkarteek eta gure kolektiboak behin eta berriz ohartarazi dugu ezohiko egoera hori, baina udala ez da gai izan arazoa konpontzeko, eta ez du inolako ekimenik hartu arazoa arintzeko. Halaber, ez du bete edukiontzietan utzitako hondakinaren karakterizazioa egiteko konpromisoa (aztertu zer jasotzen ari den).

Horregatik guztiagatik, Sagarrak talde ekologistak salaketa jarri du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean, ingurumenarekiko arduragabekeriagatik eta atzo, (ingurumenaren munduko eguna), bandera marroia eman dio Basauriko Udalari.

 

  • Twitter
  • Facebook