Euskal Herria Bizirik-ek maiatzaren 20an Gasteizko kaleak lurraren defentsan betetzeko deia egin du

LURRAREN DEFENTSAN, EUSKAL HERRIA BIZIRIK

MAIATZAREN 20ko MOBILIZAZIO DEIALDIAREN ADIERAZPENA

Azken aldi honetan natur guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten  azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara.

Guztiz kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriro  ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide  natural urriak lapurtzen segitzeko.

Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei  dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko  ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada  martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direnak.

Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza-lurrak bereganatzen dituzte, gure  lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea ekarriz.

Guzti honen asmo argia ikusten dugu: landa eremua eta bertako bizimodua apurka apurka desegitea, gure mantenuaren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak  desagertaraziz.

Politikari askok, enpresa handiek ezarritako ibilbide berbera eginez, industrializazio  proiektu handiaren aldean ingurune horien garrantzia eskasa dela diote eta izkutatzen  digute enpresa horiek direla, hain zuzen ere, politika suntsigarri horren onuradun  bakarrak.

Horrela diru publikoa patrika pribatuetara desbideratzen dute. Halaxe xahutu da eta  oraindik xahutzen ari da horrenbeste diru AHT-an, erraustegietan eta zabortegi  industrialetan. Halaber, kostako eremuetan gertatzen ari diren txikizioak direla eta  (kirol-portuak, dike berriak, kostaldearen artifizializazioa, e.a.) denon aisialdirako tokiak eta ingurune natural izugarriak harri eta porlan azpian betiko galtzen ari gara.  Kostaldeko herriak bere xarma galtzen, promotore eta inmobiliarien etekinak  esponentzialki igotzeko. Hau ez da lapurreta ekonomikoa bakarrik; proiektu horiek  pertsonen osasunari ere egiten diote kalte.

Hori gutxi ez eta Administrazioak lagundu egiten du, legeria korporazio handi horien  interesetara egokituz, eta baliabide publikoak eta espazio komunalak jartzen ditu haien  esku. Horren adibide dira Tapia Legea eta Nafarroako homologoa. Udalei eta kontzejuei  beren lurraldeen gaineko erabakiak hartzeko aukera kentzen diete, eta haien  subiranotasuna urratzen dute.

“Trantsizio energetikoa” edo “deskarbonizazioa” bezalako terminoek beren esanahia  galtzen dute gaur egungo krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz  erabiltzen dituztenean. Jatorri fosileko energiaren ordez energia berriztagarria erabil  daitekeela argudiatzen dute, inork beren merkatu-esparru berria zalantzan jar ez dezan.

Merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora  bultzatzen gaitu. Horren ondorio zuzena da transgenikoen inposizioa, zeintzuk  mendekotasun berriak sortzen dituzten eta gure haziak askatasunez ereiteko gaitasuna  kentzen diguten.

Lur emankorren erabilera aldatzea eta baserri eta etxalde txikiak baztertzea haiekin  espekulatzeko, eraso zuzena da elikadura subiranotasunaren aurka; baserri eta etxalde  txikietako ustiatze ereduaren desagertzea oso hurbil dugu.

Historian zehar, landa eremuek politika desarrollisten mende jarri behar izan dituzte  beren ondarea eta jakintza. Horren truke, bazterketa latza jasan dute, nahita ezarria eta  programatua.

Natur ingurunea eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko.  Horiek hondatzen baditugu, atzera-bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte  ekosistema naturalek, landa-eremuko ekosistemek, eta baita ekosistema sozialek ere.

Ez dugu onartuko kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema  berregituratzea aurreikusten ez duen politikarik; produkzio sistema ondasun komunala  hobetzera bideratu behar da.

Horregatik, natura benetan babestuko duen politika bat eskatzen dugu, gure habitata  babestea, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe; energia eskuratzeko aukera  unibertsala ekarriko duen politika, pertsonen beharrei erantzungo dien eredu  deszentralizatu eta tokikoan oinarritua.

Erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren  interesetan oinarritutakoak: garraio sistema sozial bat garatzea bultzatuko duten  politikak, eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatuko duten politikak,  energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko  dituzten politikak. Azken batean, natur-ondarea, arkeologia-ondarea, gizarte-ondarea  eta kultura-ondarea kaltetuko ez dituen eredua behar dugu.

Euskal Herriko mendiak, natur guneak, landa eta kostako inguruneak ez dira kapitalak  konkistatzeko guneak!

MAIATZAren 20an MANIFESTAZIOA GASTEIZen

LURRAREN DEFENTSAN, EUSKAL HERRIA BIZIRIK

  • Twitter
  • Facebook