Zabalgarbik 2005etik 600.000 tona eskoria lurperatu ditu kontrolik gabe

(Argiako artikuloa)

ZZB Zero Zabor Bizkaian plataformak salatu du 2005etik gaurdaino Zabalgarbi erraustegiak 600.000 tona eskoria –hondakin nahasiak erretzeak utzitakoak– isuri dituztela Bizkaiko zabortegietan eta hori kontrol egokirik gabe egin duela, prozesuaren kalitatea bermatzen duen Gaiker fundazioak horretarako legezko akreditaziorik ez daukalako. Naizek eta EITBk zabaldu dute ZZBren salaketaren berri astelehenean –irailak 17– eta 24 ordu beranduago ez zen ezagutzen ez Gaikerren eta ez Zabalgarbiren arduradunen erantzunik.

Urteotan hondakinen errausketak utzitako 600.000 tona eskoria horiek –urtean 45.000 tona– lurperatu dituzte Igorreko, Zallako eta Zabalgarbi eraikinaren aldamenean dagoen Artigako zabortegietan. Errausketaren zepa edo eskoria horiek kutsadura arazoak eragin ditzaketelako, Europako legediak eskatzen du UNE-EN 14899:2007 araua aplikatuz analiza ditzala espreski horretararako akreditatutako konpainia batek. Espainiako estatuan ENAC erakundeak ematen ditu akreditazio horiek, baina Zabalgarbiren kontrola segurtatzen duen Gaiker fundazioak ez dauka, ZZBk salatu duenez.

ZZBek ostegunerako –irailak 20– Zabalgarbiren kontrako protesta dauka antolatuta Guggenheim atarian, bertan Europako erraustegien patronalak afari batekin hasiko duelako bere biltzar nagusia.

  • Twitter
  • Facebook