Endesak eta Iberdrolak gure bizitzekin jolasten dute, gobernuarekin beherapen fiskala negoziatzen duten bitartean

Pertsonen bizitza ze gutxi baloratzen duten argi eta garbi utzi digute berriro, diruari baino ez diote begiratzen.

Garoñako zentral nuklearra irekitzeko eskaerarekin jarraitzen dute Nuclenorreko jabeak diren Iberdrolak eta Endesak (bakoitzak akzioen %50), gaur erabaki duten moduan. Horrek frogatzen du Iberdrolaren lehendakaria den Ignacio Sanchez Galanen adierazpena, Akziodunen Batzarraren aurrean martxoaren 31n egindakoa, azpikeria hutsa baino ez zela izan. Izan ere, Espainiako Gobernuarekin 2013 urtetik daukan ezkutuko negoziaketaren jarraipena izan da beherapen fiskala edo beste kontrapartida ekonomiko batzuk lortzeko helburuaz egina.

Behin eta berriro utzi dute argi zein den beraien benetako helburua eta, aldi berean, Akilesen orpoa: DIRUA. Gero eta diru gehiago lortu nahi dute eta bost axola zaie pertsonen osasuna edo etorriko diren belaunaldiek energia nuklearraren arriskurik gabe bizitzeko duten itxaropena. Haien balio-eskalan, jendearen bizitzarako eskubidea dibidenduen azpian dago beti.

Sanchez Galanek produkzio nuklearreko saila azken urteotan galeretan egon dela esan zuen martxoan, atzo berriz,  enpresaren emaitza ekonomikoen aurkezpenean denbora gehiago eskatu zuen erabaki bat hartu ahal izateko. Haien ustez zentralak itxi baino lehen oraindik nahikoa onura ekonomiko lortu ahal dituzte, bai beherapen fiskalen bidez, baita konpentsazio ekonomiko konkretuen bidez ere. Gai honetan, bai gobernuak bai enpresa hauek irudimen fiskal handia frogatu dute elektrikoen liberiaziotik.

Iberdrolaren benetako apustua negozio sail hau ixtea izango balitz, nahiz eta arrazoi ekonomiko hutsengatik izan, aspaldi emango zituen horretarako pausuak, zentrala itxi edota akzioak salduz.

Orain Energia Ministeritzak dauka azken hitza. Garoñako zentrala berriz irekitzeko baimena eman ala ez bere esku dago, eta  erabaki bat hartu ahal izateko eragile guztiekin hitz egingo duela esaten du. Guztiak esatean guztiak izatea espero dugu, gizarte mugimenduak eta talde ekologistak barne, eta Garoña ixteko eta desegiteko gehiengo sozialaren aldarria entzutea. Horren harira, trantsizio energetikoari buruzko eztabaida irekitzeko aukera aproposa izango litzateke. ikusiko dugu non kokatzen dituzten pertsonen bizitzak eta haien ate birakarien dibidenduak maneiatzen duten  balio-eskalan.

Hala ere, nahiz eta erabakia hartzeko epea abuztuaren 8ra artekoa izan, CSNren baimen lotsagarria eta gero Gobernuak 6 hilabeteko epea duelako, momentu hauetan ez dugu presioa jaitsiko. Gizarte honek energia nuklearraren mehatxurik gabeko etorkizunaren alde sendo jarraitu du, jarraitzen du eta jarraituko duelako.

Laster opor garaia dator eta horregatik gure presioa jaitsiko dela uste badute jai dute. Laster ikusiko dute. Denok presionatu behar dugu eta horretarako bide bakarra dago: ez erosi Iberdrolari eta Endesari energia nuklearrik, eta eman alta energia berriztagarriko enpresa edo kooperatibetan.

  • Twitter
  • Facebook