Kanpaina: Ekologismoa ala krisia

 Ez dago zalantzarik krisialdi ekonomiko larria bizi dugula. Inork ez du auzitan jartzen, halaber, ingurumen krisialdi sakonean gaudela.

ekoloalakrisia kartelaEkologismoa ala  krisia

Ingurumen krisialdiari buruz hitz egiten dugunean, eskuragarri dagoen ur edangarriaren kantitate eta kalitatearen murrizketari, gure elikadura segurtasuna bermatzen duten hazien galerari, gure hirietako airearen kalitatea hondatzeari, lur emankor gehienen zimentazio edo higadurari, lurra, ura, airea… kutsatu gabe gure hondakinak kudeatzeko ezintasunari… egiten diegu erreferentzia. Baina, seguruenik, gizakiontzako bortitzen diren ingurumen krisialdiaren hiru alderdiak biodibertsitatearen galera masiboa, klima-aldaketa eta erregai fosilen koska dira.

Biodibertsitatearen galera masiboaren atzean, gizakiok dohainik baliatzen ditugun funtzio ekosistemikoen narriadura dago. Uren arazketaz, klimaren egonkortasunaz, arrantza-baliabideez, zoruaren ongarritzeaz edo botika ugariren ekoizpenaz ari gara.

Klima-aldaketaren atzean, itsas mailaren igoeraren ondoriozko kostako eremuen galera dago, ur edangarria eskuratzeko gero eta zailtasun ugariagoak, uzta askoren produktibitate murrizketa edo gero eta muturreko fenomeno meteorologiko sarriagoak (hotz edo bero olatuak, urakanak, etab.).

Erregai fosilen koska da hauek merkatuan gero eta garestiagoak bilakatzen diren unea, kalitate txarrenekoak (astunak) geratzen direlako, erauzteko zailagoak (ur ultrasakonak, haustura hidraulikoa, hondar bituminosoak) eta urriagoak beren erauzketa koska maximoa gainditu izanaren ondorioz. Petrolioaren koska zeharkatzen ari gara dagoeneko eta, jarraian, gasarena eta ikatzarena etorriko dira. Eta erregai garestiez, oso garestiez, hitz egitea, gizarte- eta ekonomia-ondorio oso larriez hitz egitea da.

Laburbilduta, jada ez gaude “mundu huts” batean, ustiatzeko baliabide eta gure hondakinak botatzeko estolda-zulo zabortegi) ugarirekin. Orain, gizateriaren historian lehenbizikoz, “mundu bete” batean gaude, edo, hobe esanda, “gehiegi betean”, eta bertan gakoa ez da oparotasuna, eskasia baizik.

 Bizitzen ari garen krisialdi ekonomikoa, “herstura errezetekin” konpontzen saiatzen ari dira, gizarte-murrizketa gogorretan oinarrituta, jendarteko maila ugari txirotzen eta borroka sozial askoren ondorioz lorturiko eskubideak zapaltzen ari direnak. Finean, pertsonen eta naturaren esplotazio handiagoa dakarte, planetako %1 aberastuenari zor bat ordaintzeko. Are larriagoa, geurea ez den zor bat kitatzeko.

Era berean, mahai gainean daude “hazkunderako errezetak”, kontsumoa areagotzeko helburua dutenak, ekonomia berpizteko. Errezeta hauetan oinarritzen dira, halaber, planetako desberdintasunak: kontsumismoa gutxiengo batentzat munduko biztanleriaren gehiengoaren gaizki ordaindutako lanaren kontura.

Hala ere, errezeta biak dira iraganeko errezetak. Errezetok, izan zezaketen nolabaiteko zentzurik, makabroa izanda ere, mundua “hutsik” zegoenean. Orain ez dute baliotasunik, eta zenbat eta beranduago lortu aplikatzeari uztea, orduan eta okerrago izango da.

Ez du inolako zentzurik ordaindu ezinezko zor bat planetako baliabideekin kitatzeko apustua egiteak, finantza-burbuilak askoz ere handiagoak baitira. Ez du zentzurik zorra ordaintzeak ahuldu egingo dituelako, dagoeneko ahultzen ditu, geratzen zaizkigun baliabideak, zorra kitatu barik.

Axolagabea da itxaropen guztiak hazkunde ekonomikoak aberastasun berria sortzea ahalbidetuko duelako ustean jartzea, ez baitira itzuliko etengabeko hazkunde garaiak. Ekonomia berpiztu ahala, petrolioaren prezioa garestitu egingo da nazioarteko merkatuetan, eta petrolioaren prezioaz hitz egitea gauza guztien prezioaz hitz egitea da. Gure mundu globalizatu eta finantzazko bihurturikoak energia merke eta ugariarekin baino ezin du funtzionatu, eta bi aspektu horiek, hain zuzen, ez dira itzuliko.

Beraz, “ekologismoa ala krisia” diogu. Krisi hau ezin dugu iraganekoen moduan konpondu, ezta begirada partzialekin ere. Aurrekoen oso une historiko desberdinean gaude. Arazoa osorik konpondu behar dugu: justizia soziala lortu bermatuz, behintzat, giza beharren asebetetze unibertsala, planeta esplotatu beharrean berarekin bakean egongo den sistema ekonomiko baten bidez.

Ekonomia ekologiko eta solidario hau ez da asmatu behar, izan ere, badago funtzionamenduan:

  • Moneta sozialen bidez egituratua, mundu osoan merkataritza milioika lagunei ahalbidetuta, etengabe haztera behartzen ez duten zorrak sortu barik.
  • Sozialki beharrezkoa den lana banatzen duena (zaintzena ere bai), lanaldi-murrizketen moduko neurrien bitartez.
  • Maileguak ingurumen- eta gizarte-irizpideak betez gero baino ematen ez dituzten finantza-erakundeak sortzen dituena.
  • Ulertzen duena garraio publikoak, birziklatzeak, energia berriztagarriek, nekazaritza ekologikoak pertsona gehiago behar dituztela lanean automobilaren sektoreak, erraustegi eta zabortegiek, energia zikinek eta nekazaritzako negozioak baino.
  • Ekonomiako sektore garrantzitsuenen -energia, finantzak, ura…- kudeaketa kolektibo eta demokratikoaren aldeko apustua egiten duena.
  • Zuzeneko harremanetan jartzen dituena nekazaritza ekologikoan ekoiztu edo arrantza artisau eran egiten dutenak eta kateko alde bientzako bidezko prezioan kontsumitu nahi dutenak.
  • Badakiena iraunkortasunaren alde egitea dela planeta akitu batean zentzua duen gauza bakarra: “berrerabili eta konpondu”, “erabili eta bota” beharrean.
  • Baliabide kolektiboak gizarte- eta ingurumen-birmoldaketaren zerbitzura jartzen dituena, ez bankarienera.
  • Ulertzen duena aberastasuna gehiago duenari zergak ezarriz eta oinarrizko errentak eta gehienezko errentak ezarriz banatu behar dela.

Finean, zure bizitzan “banakoaren etekin maximoa” bilatu ez eta “behar kolektiboen asebetetzea” bilatu zenuen une guztiek osatzen dutena.

Beren bizitzen gaineko boterea berriz hartzeko, bere burua demokratikoki antolatzen ari direnen artean bor-bor dagoen ekonomiaz ari gara, etorkizunari planeta osasuntsu bat uzteko ez ezik, orain berau gozatzeko ere.

  • Twitter
  • Facebook