Bertoko zuhaixkekin basoberritzeko jardunaldia Basaurin datorren igandean

SAGARRAK Ekologista Taldeak eta AA.VV. KAREAGA Auzo Elkarteak basoberritze jardunaldi berri bat antolatuko dute datorren igandean, hilak 18, auzoa eta Montefuerte lotzen dituen bidean.

Duela sei urte hasi ginen Kareaga auzoa eta Montefuerte parkea (Ollargan) lotzen dituen oinezkoentzako bidea bertoko zuhaixkekin birlandatzen, babes-hesi bat sortzeko helburuarekin. Azken urtean, oraindik identifkatu gabeko pertsonen bandalismoa jasan dute landaketa horiek.

Sagarrak Ekologista Taldeak, Kareaga Auzo Elkarteak eta boluntario askok, hainbat deialditan, eremu hau birnaturalizatzea ahalbidetu dute. Lan horrek ingurumen- eta gizarte-funtzio oso garrantzitsuak ditu.Azpimarratu nahi dugu bide horietatik paseiatzen diren pertsona gehienek harrera ona egin diotela lan horri.

Azken hilabeteetan inguru horretan izandako gertakariak salatu ditugu. Pertsona jakin batzuk bandalikoki jokatzen ari dira landatutako zuhaixken aurka, egindako lanari boikota eginez eta inguruan ingurumen-kaltea eraginez. Era berean, egindako lana adierazteko panel bat txikitu dute.

2023an bi salaketa aurkeztu genituen Ertzaintzan eta udaltzaingoan. Udalari ere eman diogu gertakari horien berri. Horrelakorik ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dugu behin eta berriz. Ez dugu inolako informaziorik, eta oraingoz ez dakigu prebentzio-neurririk hartu dutenik horrelakorik ez gertatzeko. Gertakari larri horien aurrean Udalak eta segurtasun-indarrek jarrera aktiboagoa izatea eskatzen dugu.

Datorren otsailaren 18an zonaldean basoberritzeko jardunaldi berri batean parte hartu nahi duten guztiei dei egiten diegu. Parte hartzera eta egindako ahaleginak handitzera animatzen dugu, bide hori pertsona gehienok nahi eta behar duguna izan dadin.

Otsailaren 18ko jarduerari buruzko informazio gehiago: https://www.sagarrak.org/eus/agenda/343/basauriko-kareaga-auzoan-zuhaixka-autoktonoen-land aketa.html

  • Twitter
  • Facebook