Ekologistak Martxanek Artxandako zabortegiaren instalazioak bisitatzea eskatu du berriro

    

  • Gaur Bilboko Udalak antolatutako bisita bat egin da Berriz Recycling S.L. enpresaren instalazioetara, udaleko zinegotzientzat.
  • Erakunde ekologistak ezin izan du bisitan parte hartu, nahiz eta interesatua izan Artxanda Parke Bai plataformaren bidez proiektuari alegazioak aurkeztu ondoren.

 Astearte honetan, otsailaren 7an, Bilboko Udalak antolatutako bisita instituzionala izan da, oposizioko zinegotziek Artxandan proiektatutako zabortegi berrirako Berriz Recycling S.L. enpresaren proiektua ezagut dezaten. Ekologistak Martxan-ek Artxanda Parke Bai plataforman parte hartzen du, eta behin eta berriz eskatu die, “bai Bilboko Udalari, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, horrelako bisita batean parte hartzeko, alderdi interesatua delako eta proiektuaren eraginpean dagoelako”.

Bisita gaur egingo zela jakitean, eta Udalaren gonbidapenik jaso ez ondoren, Ekologistak Martxan taldeko kideak bertaratu dira instalazioen sarrerara, parte hartzeko eskatuz. German Hormazak, zabortegi berriaren enpresa arduradunaren presidenteak, ekologistei jakinarazi dienez, “bisita instituzionala da, eta Udalaren protokoloak ez du baimentzen bisitan parte hartzea”, eta bertan dauden komunikabideei ere sarrera ukatzen die.

Hala ere, ekologistek aukera aprobetxatu dute Artxanda Parke Bai Plataformak urtarrilaren 23an aurkestutako proiektuari alegazioei buruzko informazioa emateko, bai oposizioko zinegotziei (EHBildu, Elkarrekin Podemos), bai EAJ-PNVko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi delegatuari, Asier Abaunzari.

Ekologistak Martxan-ek azpimarratu du “gizarte-eragileok proiektu honen eraginpean gaudela, eta proiektuaren xehetasunak pertsonalki ezagutzeko aukera eskaini beharko litzatekeela”, Bilboko Udaleko kideekin egin den bezala. Horrek, gainera, proiektuaren irudia hobetzen eta “gardentasun handiagoa ematen lagunduko lukeela” uste dute.

  • Twitter
  • Facebook