Ekologistak Martxan taldeak Verter Recycling 2002 S.L. enpresaren aurka kereila jarri du Zaldibarko luizia dela eta

Gertatutakoa ez dela kasuala uste du erakundeak; ondorioz, ingurumenaren eta langileen segurtasunaren aurkako delituak ekar ditzakete, administrazioaren kontrolarekiko egite edo ez-egitezko erantzukizunak alde batera utzi gabe

Ekologistak Martxan taldeak, herri-akzioa egikarituz, Verter Recycling 2002 S.L. enpresaren eta enpresa horren arduradunen aurka kereila bat aurkeztu du Durangoko epaitegietan. Bertan, 2020ko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian pilatutako hondakinak eraitsi eta, ondoren, A-8 autobidean jauztearen ondorioak egozten zaizkio.

Luizi horren ondorioz, zabortegiko instalazioetan zeuden bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, harrapatu zituen lerradurak, eta honek berekin zekartzan materialek lurperatu. Hondakinen azpian desagertuta daude oraindik eta bilatzeko lanak jarraitzen dute.

Gertaeren artean beste zenbait hartzen dira barne, larrialdi eta erreskate-lanak segurtasun tresna egokirik gabe gauzatzea, esaterako; izan ere, hainbat ordutan zehar jardun zuten gainerako hondakinekin nahastuta amiantoa zekarten 16.148 tona eraikuntza-hondakin biltzen zituen zabortegi batean, inolako tratamendurik, isolamendurik edo bereizketarik gabe.

Ezin ahaztu ere, otsailaren 7tik aurrera, hondakinek eta horien deskonposizioak sortutako metanoak, errekuntzan sartzean, sortu zituzten suteak. Sute horiek hainbat isuri kutsagarri bota zituzten, eta distantzia eta haize nagusien arabera Zaldibar, Ermua eta Eibarko biztanleei maila desberdinetan eragin ahal izan diete. Izan ere, antzeman diren dioxinen eta furanoen emisio handien ondorioz, agintari publikoek zenbait egunetan zehar luzatu diren alertak ez ezik, segurtasun eta osasungarritasun-neurri publikoen gomendioak ere ezarri zituzten udalerri horietako biztanleentzat.

Azkenik, Aixola erretak eta Ego ibaiak izan lezaketen kutsadura, uren Ingurumen Kalitatearen Arauak gainditzen duen amonioaren gehitzea ez ezik, metalen agerpena (kadmioa, nikela, selenioa …) kantitate altuetan ere antzeman baita.

Ekologistak Martxan taldearen kereila VERTER RECYCLING 2002 S.L. enpresaren aurka aurkezten da hasiera batean, baita ikertu ondoren erantzukizuna edota partaidetza egotzi ahal zaizkien enpresako zuzendari edota teknikarien aurka ere.

Kalifikazio juridikoari dagokionez, eta aldez aurretik nahi epaitu gabe, baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delitu (Zigor Kodearen 325., 326., 326. bis artikuluak eta horiekin bat datozen gainerako artikuluak), baita langileen eskubideen aurkako delitu baten aurrean ere (Zigor Kodearen 316., 317. eta 318. artikuluak) egon gintezke.

Ez da alde batera uzten, gainera, administrazio agintari edota funtzionarioen kontrol administratibo eta teknikoaren jarduerarekin lotutako bestelako erantzukizun penalak egotea, eta horrek 339. artikuluko ingurumen edota administrazio-prebarikazioko delituak ekar litzake, Zigor Kodearen 404. artikuluari dagokionez.

Ekologistak Martxan taldeak uste du Zaldibarko zabortegian otsailaren 6tik aurrera jazotako gertakari larriak ez direla ustekabekoak edo ustekabeko istripu baten ondorio izan. Zabortegiaren kudeaketa negargarriaren eta haren betetze eta funtzionamendu-prozesuaren kontrol eskasaren ondorio dira. Eta hori, orain arte publiko egin diren datuekin.

Gertaera horietatik eta horien ondorio larri eta kaltegarrienetatik eratorritako erantzukizunak judizialki ikertu eta garbitu beharko dira, mugarik gabeko eta berme guztiak dituen prozesu penal batean, gertatutakoak eta antzekoak berriro gerta ez daitezen.

Baina horrek ez du esan nahi hondakinen ekoizpenean eta kudeaketan eredu-aldaketaren beharrari buruzko eztabaida itxi edo atzeratu behar denik; izan ere, hondakinen sorrera murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko (ekonomia zirkularra deitzen diote orain) eta haien kudeaketan inpaktuak murrizteko politikak errealitate bihurtu behar dira. Ezta hondakinen zabortegien beharrezko kudeaketa publiko eta gardenaren inguruko eztabaida ere, ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzeko kontrol eta segurtasun-bermeak ezabatzen dituen negozio ekonomiko pribatua izaten jarraitzea saihesteko.

Premiazkoa denak, hau da, hondakinek irentsi dituzten eta gaur egun desagertuta dauden bi langileak aurkitzeak, eta kaltetuenak izan diren herrien osasunari eta ingurumenari kalte handiagorik ez egiteak, ezin du ke-laino bat izan behar dena ezkutatzeko, hots, zabortegietatik hasita, hondakinen kudeaketa publikorako beste eredu bat bilatzea.

Bilbo, 2020ko martxoaren 5ean

  • Twitter
  • Facebook