ZERO ZABOR BIZKAIA PLATAFORMA, BIZKAIAN 2017. URTEAN SORTURIKO HONDAKINEN GAINEKO DATUAK DIRELA ETA

MANIPULATU EGITEN DITUZTE BIZKAIKO HONDAKINEN KUDEAKETARI BURUZKO DATUAK… BIRZIKLATZE-TASA EZ DA % 48KOA, IA % 38KOA BAIZIK… Horixe uste dugu, behintzat, ZERO ZABOR BIZKAIA Plataformako kideok.

Bizkaiko Foru Aldundiaren prentsa-oharrak, eta, gogora dezagun, Hondakinen Kudeaketa barne hartzen duen Ingurumen eta Iraunkortasun Sailburu Elena Unzuetaren ahotan, egundoko asebetetzea erakutsi zuen Bizkaian “Birziklatzeko Gaikako Bilketaren tasa” asko handitu delako: 2016an, % 42koa izan zen; 2017an, berriz, 47,5ekoa (foru-erakundearen datuen arabera). Iazko ehuneko horrekin, gertuago geundeke EBk 2020rako ezarririko % 50eko helburutik. Tasa, urtebetean, % 5 polita handitu da! Bizkaitarrok, hortaz, pozarren egon behar dugu egindako kudeaketarekin, eta ez dugu gehiegi kezkatu behar itxuraldaturiko kopuruen atzean ageri diren datuengatik, Kudeaketa eraginkorraren itxura emateko gure erakundeetako agintariek egunero helarazi nahi dizkiguten datuengatik, hain zuzen.

ZERO ZABOR BIZKAIA Plataforman, ordea, ez gaude ados ez datuen berri emateko moduarekin ez datuekin eurekin. Lehenik eta behin, esan beharra dago prentsa-ohar bat zabaltzeak, eta datuak webgunean egun batzuk geroago paratzeak, sinesgarritasuna kentzen diela, eta urtetik urtera jarraipen- eta zaintza-lana egiten dugunoi, Hondakinen Kudeaketa gure ingurumena eta osasuna zaintzeko izugarri garrantzitsua delakoan, datuok eskuratzeko eta erantzuna emateko ahalmena eragozten digula.

ZERO ZABOR BIZKAIA Plataforma osatzen dugun 40 erakundeok kezkatuta gaude, Sorturiko Hondakinak asko ugaritu direlako (2016an, 605 mila tona ziren; 2017an, ostera, 637.000 tona). Hala, berresten hasia da aurreko urteetan, krisi-garaietan, izandako murrizketaren arrazoia horixe zela, hain zuzen, krisialdia, eta ez PIGRUBen jasotako HONDAKINA MURRIZTEAREN aldeko benetako politikaren eta kudeaketaren ondorio; politika horrek gure erakundeen xede nagusia izan beharko luke, benetan egingo badute beren EBk ezarritako helburuen Hierarkia: MURRIZTU, BERRERABILI, BIRZIKLATU, Balioetsi eta, azkenik, desagerrarazi. Begien bistakoa da, baina, Murrizketaren xedea ez dela izan ez lehentasunezkoa ez, behintzat, garrantzizkoa Aldundiarentzat, zeinak hondakinen politika, azken 13 urteotan, ZABALGARBI erraustegiaren inguruan ardaztu duen. Erraustegi batek, funtzionatzeko, Hondakinak behar ditu, jakina. Horretarako, Bizkaiko Aldundiak ontzat ematen du PIGRUB, 2016an iraungi zena; ontzat ematen ditu hura gauzatu ostean betetako helburuak; eta luzatu egin du, kolokan jarri barik 2017an 32.000 tona zabor gehiago eragin zirela, biztanleria 2016koaren antzekoa izanik (726 biztanle gehiago Bizkaiko Lurralde Historiko osoan…).

Beste alde batetik, eta datuak eskura ditugun bitarteko urriekin banakatuta (izan ere, Hondakinen Behatokiak duela 2 urtetik, hau da, mugimendu ekologistak haren webgunean argitara emandako datuen iruzurra eta faltsutasuna agerian utzi zituenetik –gogora dezagun adierazi Bizkaian, 2015ean, zaborren % 67 baino gehiago birziklatu zirela-, ez du argitaratzen ez masen ez kudeaketa-sistemen arteko fluxuen Balantzerik), eskaintzen zaizkigun datuak aztertu eta, hori bai, haien egiazkotasuna zalantzan jarri besterik ezin dugu egin. Zeren eta: ez al da oso deigarria urtebetean bakarrik Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak 17.000 tona ugaritu izana, hau da, 70.000 tona barik 93.000 izatea, Aldundiak partida hori osorik Gaikako Bilketa gisa zenbatzen duenean? Zergatik da, Bizkaian, lagun eta urteko batezbestekoa, bildutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei dagokienez, Gipuzkoakoa baino askoz handiagoa eta Arabako batezbestekoa baino askoz handiagoa? Nola daiteke etxeko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 90 kilokoak izatea, laguneko eta urteko, Bizkaian? Partida hori bera bakarrik etxeko gaikako bilketaren % 51 ote da orain, 2016an % 46 ez bezala? Ez al dago hemen jasota 2017. urteko Birziklatzeko Gaikako Bilketaren Tasa gisa eskaintzen zaigun horretan izandako % 5eko “hazkuntza”?

Egiatan, gure ustez, Bizkaiko Aldundiak apropos nahasten ditu Gaikako Bilketa eta Bereizitako Bilketa, “birziklatzeko gaikako bilketaren tasa” adierazlea aipatu eta EBk 2020rako bete beharreko % 50eko helburuarekin lotzen duenean. Bada, hori iruzurtia da: EBk estatuetarako ezarririko helburua % 50ekoa da, baina “birziklatze-tasa” delakorako, eta horrek ez du zerikusirik Aldundiak kalkulatzen duenarekin. Birziklatze-tasa kalkulatzeko (EBk xedaturiko metodologia), bereizitako bilketaren edo gaikako bilketaren bestelakoa dena, berriz diogu kendu egin behar direla zabortegira edo erraustegira doazen errefusak (zein izan dira 2017an? Behatokiaren arabera, 0; 2014an, berriz, 30.000 tona izan ziren); era berean, eraikuntzako eta eraispeneko partidak kendu behar dira, mota horretako hondakinak ez baitira hiri-hondakin solidoak, eta birziklatzera doazen TMBko partidak gehitu behar dira. Kalkulua egiteko metodo honen arabera, alegia, Europako metodologia erabilita, BIZKAIKO BIRZIKLATZE-TASA ez da iristen % 40ra.

Gaikako Bilketa EZ da handitu ez “Ontzi ez diren plastikoetan”, ez Astunetan (bitxia, Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak ugaritu diren honetan…), ez Era Askotakoetan, eta bai 1.000 tona gutxi batzuk Organikoaren Gaikako Bilketan, zeinetatik 400 tona baino gehiago dendetatik eta merkataritza-gune handietatik eratorriak diren; beraz, 5. Edukiontzian, marroian, egindako bilketa oso urrun dago balekotzat ere jo ahal izatetik, ez beraren hedapenari ez ezarpenari dagokienez. Biohondakinaren bereizitako bilketa % 1,4 besterik ez da, PIGRUBek proposaturiko % 4,5eko helburutik oso urruna. Gainera, Hondakinen Behatokian jasotako datuak ez datoz bat zenbait Udaletan (Getxo, Barakaldo…) jasotakoekin.

Horrenbestez, ZERO ZABOR BIZKAIA Plataforman uste dugu datuak ez direla pozik egoteko modukoak, ez eta PIGRUB luzatzeko baliodunak ere, Bizkaian Hondakinen Kudeaketa egiteko helburu, bitarteko eta baliabideetan ezer aldatu beharko ez balitz bezala. Gure ustetan, biztanleei itxuraldaturiko datuak eskaintzea ez da aukerarik egokiena. Horrez gain, Aldundiak norabidea aldatu beharra duelakoan gaude: gardentasuna eta autokritika behar dira, eta politika hori ez dela batere eraginkorra onartzea ere bai. Horrexegatik, beste PIGRUB bat egin behar dela uste dugu, parte-hartze demokratikoaren eta gardentasunaren printzipioetan oinarritua.

ZERO ZABOR BIZKAIA Plataforma.

  • Twitter
  • Facebook