Kolore Guztietako Basoak eukaliptotzeari buruz

Duela hilabete batzuk esan genuen, radiata pinua hilobirako jota zegoela, eukaliptoa dela haren ordezkaririk probableena. Beraz, ezer egiten ez badugu, Bizkaian Kaliforniako pinuak betetzen zituen 70.000 hektareetatik gehienak eukaliptoak hartuko ditu.

Inertzia laster horretan, esaten genuen baita ere, basoko sektore ofizialak eukaliptoari zabal zabaltzen dio bidea. Eta orain, itsusiena ere apaindu nahian, zientzia eta eutsigarritasunaren aldeko apostutzat aurkeztuko digute haien proposamena.

Aldi berean, azken hilabeteotan, hainbeste familia propietariok eukaliptoaren alde egin dute, sektore ofizialari galdetu eta gero: “eta orain zer sartu behar dugu?”. Lagun horiei zera galdetzen diegu; radiata pinuarekin gertatu zaiguna eta gero, zer gertatuko zaio, zuen iritziz, epe ertainean, lur masa horien osasunari eta errentagarritasunari, eukalipto landatzeak hainbeste ugalduz gero?

Gizarteari oro har, lurrik ez daukaten horiei, egoera konplexua dela gogoraraziko diegu, zuhur jokatu behar dugula, lagun arteko konfrontazioak saihestuz. Lehenik esan, orain eukaliptoa aukera errentagarrientzat jotzea kalkulu eta kudeaketa akats potoloa dugula, landaketa horiek guztiontzako dakartzaten albo-kalte ugarien kostuak ez zenbatzeagatik: ur-zikloa eraldatzea, biodibertsitatea eta lurraren emankortasuna murriztea, lur-egiturak suntsitzea, enpleguak gutxiagotzea eta suteen posibilitatea eta larritasuna handiagotzea.

Horregatik guztiagatik, etorkizuneko gatazkak saihesteko, ardura duen administrazioari eskatzen diogu, kalkulu eta kudeaketa publikoko akats hori zuzentzea. Hurbileko adibide batez azalduko dugu: tabakoa erretzeak osasuna kaltetzen du eta horrek osasun publikoan kostu bat dauka; horregatik du tabakoak zerga-zama bat, eta guztiok ulertzen dugu hori. Bada, eukalitpoaren kasua antzekoa da, guztiontzako arriskuak eta kostuak ditu; eta beraz, landaketaren ondorioak eta horien gizarte kostua kontuan hartu behar genuke, eta administrazioak zerga-zama ezarri behar lioke, etorkizunean horren ondorioei aurre egin ahal izateko. Horrela, desitxuratutako errentagarritasun hori orekatu ahalko dugu eta Naturatik gertuko baso alternatibak sustatu ahalko ditugu.

Oraingoz, zerga politikarik ez dagoenez gai honetan eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendietako Zerbitzuaren diru-laguntzen joerak eukaliptoa landatzea errazten dute (sakonago jorratuko dugu gai hori aurrerako idatzietan). Hori dela eta, duela 4 urte, Kolore Guztietako Basoak proposamena aurkezterakoan, aurrikusi genezakeen egoera okerrenean gaude orain. Gogorarazi behar dugu, Portugalek atzean utzi nahi duen baso eredurantza garamatzatenean arin-arin, badirela basotik diru etekina ateratzeko alternatibak kalitatezko zura eta ondoak ekoitziz. Tokian tokiko espezie potentzialak sartuko ditugu basootan, azalera handietan erabateko ebaketarik egin gabe, ura eta klima zainduz eta CO2 a finkatuz. Naturarik Gertuko Ekoizpen Basoak deritzegu horiei. Aldi berean, aske garatuko diren basoen sarea sortu behar dugula eskatzen dugu, Kontserbazio Basoak esaten diegu bese horiei.

Mundu osoan bizi dugun une historikoak horrelako dibertsifikazioa eskatzen du. Basogintza sektore ofizialak eta foru administrazioak, ostera, eukaliptoranzko apostua egiten du, erabat aurkako norantzan.

Beste alde batetik, albiste gazi-gozoak izan ditugu azken hilabeteotan. Zorionez, Bizkaiko udal asko Kontserbazio Basoak eta Naturatik Gertuko Ekoizpen Basoak ezartzen ari dira haien Erabilpen Publikoko Mendietan. Aldiz, udal horietako askok mehatxuak aurkitu dituzte bidean: kudeaketa produktibistara itzultzea planeatzen duten agintari berriak; eta are larriago, Aldundiko Mendietako Zerbitzuaren menpeko tramiteen luzatze arrazoirik gabekoa. Horrelako egoera bat bizi baduzue zuen herrian, etorkizunerako basoak bultzatzerakoan, emaiguzue, mesedez, zuen kasuaren berri, informazioa bildu eta zabaldu dezagun.

Gero eta gehiago gara gizartean gai honi arretaz erreparatzen ari garenak. Argi ikusten dugu administrazioa eta basogintza sektore ofizialak hitzetan eutsigarritasuna darabiltela bolo-bolo, baina ekintzetan, kosta ahala kosta, ekoiztea dutela xede. Gero eta gehiago gara dakigunak, “basogintza sektorearen” izen apartuaren azpian, diru publikoz lagundutako entitate horietan (Baso-jabeen elkartea, Basoa Fundazioa, Baskegur, Europa Hegoaldeko Silbikultoreen Elkartea -USSE-) bi edo hiru kargu betetzen dituzten pertsona gutxi batzuk direla, benetan.

Beste alde batetik, baso-lurren propietatedun lagun askok badakite urteak daramatzatela dirua galtzen, baso politikek gutxi batzuen poltsikoak betetzen dituzten artean.

Eukaliptoa ardatz duen basogintzaren alde egiten duten horiei, berriz ere, gutxi batzuen mesedeko, begirunez eta penaz diotsegu, eurek izango direla apostu horren ondorioen erantzule. Eta pertsona horietako askok, lehen, sektorea soil-soilik pinu radiatan oinarritzea kalteko izango genuela ukatzen zutenez, zera eskatzen diegu: hartu dezatela behingoz, landaketa horren azken belaunaldiko porrotaren ondorioz milaka familiak izandako diru-galeren ardura. Zein izan da, bada, “urre berdearen” azken belaunaldiko etekina, hektareako eta urteko? Nork ordaintzen ditu negozio porrot horretako galerak?

Duela hilabete gutxi, EHUko zientzialari batzuk eta Aranzadi Elkarteak argitara eman zuten eukalipto landaketaren ondorioei buruzko txostena, Eusko Jaurlaritzak eskatutakoa. Txintik ere ez diegu entzun, baina, diputazioetako Mendi Zerbitzuetakoei, basoen egoerari buruzko errelato zoriontsuari eustea nahiago dute.

Penaz, pena sakonez, gure galderak, hona hemen:

Zenbat hektarea behar dugu Bizkaian eraldatuta eta espezie inbaditzaileek hartuta, erreakzionatzeko? Zenbat ondo-, begetal- eta animali- espezie desagertu behar dira? Benetan suek hildako lagunak ikusi beharko ditugula hemen bertan, konturatu gaitezen eukalipto monokultiboek giza segurtasuna mehatxatzen dutela?

Gure lurra maite dugula esan ohi dugu. Bada, hiltzen duten amodioak ere, egon badaude. Maitasun hori erakusteko garaia da.

Gure mendiek lurraldearen %60 inguru egiten dute eta gero eta zati handiagoa betetzen dute eukaliptoek.

Zure lurra maite baduzu, zuk ere zure aletxua eman, mendien trantsizio ekologikorako: babes itzazu Kontserbazio Basoak eta Naturatik Gertuko Ekoizpen Basoak.

KOLORE GUZTIETAKO BASOAK (*)

2020ko Udazkena

(*): Kolore Guztietako Basoak Plataformaren barruan Ekologistak Martxan Bizkaia sartuta dago beste elkarte ta pertsona ezberdinekin. Kide guztietako zerrenda ikusteko: https://koloreguztietakobasoak.wordpress.com/nortzuk-gara/

  • Twitter
  • Facebook