Energia-politikaren guztizko eraldaketa exijitzen du Ekologistak Martxanek Ingurumenaren Mundu Egunean

Berokuntza globala dela-eta, baliabideak agortzen ari direla-eta eta biodibertsitatea galtzen ari dela-eta, maila guztietako politikak gidatu behar dira, zeharkako izaeraz. Gizakiak planetan duen inpaktua gizarte-auzia da: bere eraginak baliabide gutxien dituzten gizarte-klaseek pairatzen dituzte gehien.

Energiaren arloan garatzen ari diren epe laburreko politiketan 180 graduko biraketa exijitzen du Ekologistak Martxanek. Eredu sostengaezin eta agortu bat betikotu nahian oinarritzen dira politika horiek. Haustura hidraulikoa edo fracking-a —gas naturala eta petrolioa porodun haitzetatik erauzteko teknika edo petrolioa ur sakonetatik erauzteko teknika— zentzurik gabeko bideak dira, eta gizarte- eta ingurumen-inpaktu arriskutsuak dakartzate. Bide horren beste erakusgarri bat: energia nuklearra kosta ahala kosta defendatzea, are zentzugabeko neurriak hartzeraino. Adibidez, Garoñako zentral nuklearraren iraupena luzatu nahi izatea eta, aldi berean, energia berriztagarriei oztopoak jartzea.

Eta hori guztiori, asmo bakar batekin: enpresa handien interesak defendatzea, herritarren interesen gainetik eta autonomia-erkidegoetako edo udaletako ebazpenen kontra. Hain zuzen ere, aldeko ingurumen-inpaktu adierazpenari esker, Repsolek petrolioa erauzi ahal izango du Kanariar Uharteetako uretan, inongo arazorik gabe.

IPCC erakundearen azken txostenek berokuntza globalaren errealitatearen eta inpaktuen froga ugari mahairatzen dituzte. Erregai fosilak erretzearen ondorioz, klima aldatzen ari dira gizakiak; horren inguruan zalantza gutxi dago, eta, egungo bidetik jarraituz gero, aurreikuspenak dramatikoak dira: planetaren tenperatura globala 5º C eta 6º C artean igoko da. Ezagutzen diren hidrokarburo fosilen erreserbak lur azpian uztea da gorakada hori murrizteko eta, hartara, berokuntza globalaren efekturik bortitzenak ez gorpuzteko modu bakarra. Eta herrialde industrializatuetan energia-kontsumoa zeharo murriztea da helburu hori lortzeko formula bakarra, energia berriztagarrien aldeko apustu argia eginez.

Naturaren mugak errespetatuko baditugu, alde batera utzi beharko dugu baliabide finituak dituen planeta batean hazkunde jarraitua lor daitekeela dioen ideia. Izan ere, ekonomia munduko baliabide energetikoen eta materialen ustiapenaren mende dago, erabat. Beharrezkoa da baliabide geoestrategikoak lortzeko konpetentziatik aldenduta egongo den nazioarteko lankidetza-esparrua sortzea, eta, esparru horretan, herrialde industrializatuak, arazoa eragin dutenak, aldaketarako erreferente bilakatu behar dira, behar den herrialdeetan aldaketa bultzatuko duten erreferenteak. Horretarako, teknologia eskualdatu beharko dute, eta proiektu iraunkorrei laguntza eman beharko diete. Hartara, aldi berean, baliabide fosilak esportatzen dituzten herrialdeek lehengai horien ustiaketa bertan behera utzi ahal izango dute.

Gizadiak aurrez aurre izan duen arazorik larriena da berokuntza globala. Eta ekintza ausartak eta premiazkoak behar ditu. Hori dela-eta, administrazioek, bai Estatu mailan, bai Europa-mailan, bai nazioarteko negoziazioetan, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan konpromiso sendoa har dezatela eskatzen du Ekologistak Martxanek.

  • Twitter
  • Facebook