Aurtengo apirilean ONGI ETORRI GERNIKA, gure herriaren harrera egiteko nahia erakutsi zuen ekitaldi solidario erraldoia, aurrera ateratzea lortu genuen denon artean. Ekitaldia posiblea bilakatu zen, neurri handi batean, Euskal Herrian aktiboki inplikatutako herri eta auzoen sare handia jostea lortu genuelako.
Orain, sare hori berreskuratu nahi dugu eta gure konpromisoa pauso bat haratago eraman. “Inor ez da ilegala” adierazten dugu, hemen bizi diren pertsona guztientzat herritartasuna eskatzen dugu, jatorria edozein izanda ere, eta pertsona guztientzat eskubide berdinak exijitzen ditugu. Etorkin eta errefuxiatuak gure hirietara ailegatzean topo egiten duten marko juridikoa salatzen dugu, “legezko heriotza”-ra eramaten dituena.
Horregatik bereziki konprometitu gara erroldatze kanpaina aurrera eramaten, ziur dagoeneko honen berri izan duzuela. Bi dira kanpaina modu eraginkorrean aurrera eramateko ezinbestekoak ditugun tresnak, erroldatzea eta hau posible egiten duen sare solidario jendetsua sortzea.
Eta, zorionez, bidearen zati bat eginda daukagu, sarea badago ehunduta, berriz ere aktibatzea baino ez zaigu falta.
Hori dela eta, abenduaren 13an, asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan izango dugun batzarrean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Bilera Bilbon izango da, Ekoetxean (Pelota kalea, 5).
Denon artean lortu egingo dugu.