Otsoaren ehizari buruzko Alderdi Popularraren Lege Proposamena atzerapauso larria da biodibertsitatea kontserbatzeko

  • Ekologistak Martxan-ek uste du Alderdi Popularrak otsoa eta biodibertsitatea mehatxatzen dituela Espainian, eta euskal alderdien erantzukizun politikorako deia egin du
  • Erakunde ekologistak gogorarazi du Europako epai batzuek berretsi egiten dutela Espainian otsoa ehizatzea legez kanpokoa dela

 

Alderdi Popularra mehatxua da otsoarentzat eta biodibertsitatearentzat Espainian

Alderdi Popularrak Lege Proposamen bat aurkeztu du Espainiako Parlamentuan, otsoa Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa Espezieen Zerrendatik ateratzeko. Horrela, otsoa Dueroko iparraldean ehizatu ahal izango da. Proposamen honek EAJren aldeko botoa eta EH Bilduren abstentzioa jaso ditu. Ekologistak Martxan-ek kezka eta gaitzespen sakona adierazi nahi diogu neurri horri, biodibertsitatea kontserbatzeko politiketan atzerapauso larria baita.

 

Otsoaren ehiza Espainian legez kanpokoa dela berretsi dute Europako epaiek

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai berriek otsoaren ehiza legez kanpokoa dela nabarmentzen dute:

  • C-601/22 epaia (WWF Österreich eta beste batzuk): Austrian otsoaren ehizaren debekuak bere horretan jarraitzen du, eta salbuespenak onartuko dira otsoen populazioa kontserbazio-egoera onean badago soilik, eta hori ez da gertatuko Austrian.
  • C-436/22 epaia (ASCEL): Otsoa ezin da ehizatu daitekeen espezietzat jo estatu kide bateko lurraldearen zati batean, baldin eta bere kontserbazio-egoera maila nazionalean txarra bada. Justizia Auzitegiak adierazi zuen otsoa Duerotik iparraldera ehizatzea baimentzen zuen Gaztela eta Leongo eskualde-legea Habitaten Zuzentarauaren aurkakoa dela.

 

Otsoaren egoera Espainian eta Euskadin

Otsoaren kontserbazio-egoera Espainian txarra eta desegokia da (U1), otsoaren kontserbazio-egoerari buruzko azken ebaluazio orokorraren arabera. Euskadin, populazioak nabarmen egin du behera azken hogei urteetan: 2003-2004 aldian, 3-28 otso zeuden, hiruzpalau ugalketa-talderekin, eta 2023-2024 aldian, 3-5 otso, ugalketa-talderik gabe.

 

Euskal alderdien erantzukizun politikorako deia

Ekologistak Martxan-ek erantzukizun politikoa eskatzen die euskal alderdiei, eta bereziki EAJri eta EH Bilduri, otsoaren legezko estatusa Espainian aldatzea babes ez dezaten. Erabaki politikoak ebidentzia zientifikoetan oinarritu behar dira, eta ez oinarri zientifiko eta legalik gabeko populismoetan.

Alderdi Popularrak Duero iparraldean otsoa ehizatu ahal izateko egindako lege-proposamena interferentzia politikoa da datu teknikoetan eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta egon behar duten erabakietan. Proposamen horrek, arduragabekeria politikoaz gain, Europako eta nazioarteko zuzenbidea urratzen du, segurtasun juridikorik eza sortzen du, eta ingurumen-zuzenbidearen oinarrizko printzipioak urratzen ditu, hala nola atzera ez egitearena. Otsoaren babesean atzera egin beharrean, funtsezkoa da erabaki politikoak eskura dagoen ebidentzia zientifiko onenean oinarritzea, espezie horren kontserbazioa eta, oro har, biodibertsitatea bermatzeko.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berriki eman dituen epaiek berretsi dute ezin dela onartu kontserbazio-egoera txarrean dauden espezieak ehizatzea, hala nola otsoa Espainian eta Euskadin, Alderdi Popularrak proposatutakoak bezalako neurriak legez kanpokoak direla azpimarratuz.

Ekologistak Martxan-ek eskuragarri izan duen txosten juridiko baten arabera, “lege-proposamenak bete-betean eta aringarririk gabe urratzen ditu Europar Batasuneko Zuzenbidea eta Bernako Hitzarmenaren aurrean hartutako betebeharrak. Hori da botere publikoen arbitrariotasunaren adibide gorena “.

Erabaki politiko sinplistak eta inolako oinarririk gabekoak ebidentzia zientifikoaren gainetik jartzea onartzen bada, aurrekari arriskutsua ezar liteke, biodibertsitatearen kontserbazioaren eta ingurumen-babesaren beste arlo batzuetan eragina izan dezakeena.

Ekologistak Martxan taldearn ustez oso garrantzitsua da otsoen eta abeltzaintza estentsiboaren arteko bizikidetza iraunkorra bermatuko duen babes-araubideari eustea, bai eta Espainiak eta Euskadik biodibertsitatearen kontserbazioaren arloan dituzten nazioarteko betebeharrak betetzea ere. Betebehar horiek bat datoz 2030eko Biodibertsitatea Kontserbatzeko Europako Estrategiarekin, zeinak estatu kideei eskatzen baitie Habitatei buruzko Zuzentaraua osorik aplikatzeko, kontserbazio-neurriak azken aurrerapen tekniko eta zientifikoetara egokituz, eta harrapari handiekin batera bizitzearekin lotutako gatazka sozioekonomikoak konpontzeko neurri egokiak hartzeko.

  • Twitter
  • Facebook