- Premiazkoa da erregai fosileetara bideratzen diren diru-laguntzak kentzea.
- Ez dago inongo zuribiderik dieselari zerga-abantailak emateko.
- Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) eta Ciudadanos alderdiek Estatuko Aurrekontu Orokorrekiko babesa gasoilaren hobariak jarraitzera baldintzatuko dute.
Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuak gasolioari historikoki eman zaion hobaria jaistea jasotzen du. Neurri hori txalotu egin dute ingurumen-erakundeek. Halere, Estatuko Aurrekontu Orokorren eztabaida betean, lehentasunezko gobernukidea den EAJ alderdiak eta aurrekontuak babestu ditzakeen Ciudadanosek proposamena bertan behera uztearen alde daudela, eta horrek euren babesa baldintzaten duela iragarri dute.
Horregatik, ingurumen-erakunde nagusiek, hau da, Lurraren Lagunek, Ecologistas en Accion erakundeak, Greenpeacek, SEO/BirdLifek eta WWF fundazioak erregai fosil batera zuzendutako diru-laguntzaren beherapena mantentzea eskatu diote Gobernuari. Beste hainbat erakundek bat egin dute eskaerarekin; hala nola, IDMA-k, Berriztagarri Fundazioak, Transport & Environment-ek eta Ekologia eta Garapena Fundazioak (ECODESek).
Erregai horrek berotegi-efektuko gasen (BEG) isuriak murriztea ahalbidetzen zuela uste zelako eman zitzaion, bere garaian, hobaria dieselari. Gaur egun, ordea, beren bizi-ziklo osoa kontuan hartuz gero, diesel ibilgailuek gasolinaz mugitutako ibilgailuek baino BEG gehiago isurtzen dituztela ondo baino hobeto frogatuta dago.
Are gehiago, atmosferaren kutsadura iturri nagusia hiri gehienetan diesel ibilgailuak dira; izan ere, Europako Batzordearen txosten baten arabera, trafikoari darizkion nitrogeno oxidoen % 80ren erantzuleak diesel ibilgailuak dira. Espainiako Estatuan bakarrik, kutsadura atmosferikoak 30.000 heriotza goiztiar baino gehiago eragiten ditu, baita Osasun Publikoaren aldeko Europako Aliantzak urtero 3.000 milioitan kuantifikatu duen osasun-gastua ere.
Gaur egun bizi dugun ingurumen-larrialdiko egoerari (klima-aldaketari, biodibertsitatearen galerari, hondakinen areagotzeari eta kutsadura kimikoari) aurre egiteko dauden tresna guztiak erabili behar ditugu.
Ingurumen-erakundeen ustez, neurrietako bat izan beharko litzateke zenbait jarduera ekonomikoren edota produktu kutsatzaileen erabileraren ingurumen-kostuak arduradunei helaraziko dien erreforma fiskala. Gainera, gizartearentzat positiboak izan litekeen edota gizarte-desorekak murrizten lagundu lezakeen kanpo-ondorioak dakartzaten jardunbide egokiak gauzatzeagatik hobariak eman beharko lirateke.
Horri dagokionez, Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuak erreforma txiki bat jasotzen du dieselari ematen zaion hobaria lehen aldiz murriztean. Nahiz eta erabilera ez-profesionaleko gasolioari bakarrik eragin, eta igoera oso nabarmena ez izan arren, beharrezko lehen urratsa da. Ingurumenaren ikuspegitik positibotzat jotzen diren jokabide-aldaketak sustatzeko fiskalitate ekologiko bat bultzatu behar du aldaketa horrek.
Dieselari eman ohi zaion hobariaren amaieraren ondorioz lortutako diru-bilketa sozialki bidezkoa den trantsizio ekologikoa errazteko eta planetaren mugen araberako eredu sozioekonomikoa lortzeko erabili behar dela azpimarratu dute sinatzen duten erakundeek. Horrek etekinak biderkatzea eta gizarteak hobeto ulertzea ekarriko luke.
Garrantzitsua da gogoratzea ingurumen-zergak handitzea eta inguruko herrialdeetako zergetara hurbiltzea behin baino gehiagotan eskatu diola Europak Espainiako Estatuari. Horrela, eragile ekonomikoen portaera bideratu ahal izango da, baita ingurumenaren babesa eta justizia sozialaren hobekuntza lagundu ere. BPGren ehunekoari dagokionez, EB-27ko ingurumen-fiskalitatearen sailkapenean 24. postuan dago Espainiako Estatua.
Horregatik guztiagatik, gasolioaren hobaria murrizteko proposamena bertan behera ez uzteko eskatu diote erakunde sinatzaileek Espainiako Gobernuari. Halaber, EAJ eta Ciudadanos alderdiei eskatu diete Estatuko Aurrekontu Orokorrekiko babesa neurri hori kentzearen baldintzapean jarri ez dezatela.